Cañada Real Espainiako Madrilgo eskualdean kokatutako txabola-auzoa da, Europako handienetakoa izateagatik ezaguna. Hiriaren itzalean hazitako mundu ezkutua, argirik eta urik gabe urteak daramatzan bizilekua. Testuinguru latz eta ahaztu horretan murgildu da Guillermo Galoe bere lehen film luzea sortzeko: Filmin plataformara heldu berri da Ciudad sin sueño; bazterretan ere poesia bilatzen duen begirada eta ikusezina ikusarazteko ahalegin zintzoa da.
Filma fikziozkoa bada ere, Ciudad sin sueño lanaren hezurdura benetako materialez josia dago: aktore ez-profesionalek hartzen dute parte, eszenatoki errealetan girotuta dago, eta arazo jakin batzuk ditu ardatz. Nahasketa horrek egiazkotasun indartsua ematen dio obrari.
Toni 15 urteko ijitoa da kontakizunaren protagonista nagusia. Eraispenen zurrumurruak zabaltzen direnean eta familiei ostatu alternatiboak eskaintzeko gizarte-zerbitzuen presioa handitzen denean, Toni zalantzan hasten da: harrapatuta geratzen da bere sustraiekiko leialtasunaren eta aldaketa eskatzen duen etorkizun baten premia itogarriaren artean.
Gaztearen eta aitonaren arteko harremana da kontakizunari mamia ematen dion ardatz afektiboa. Bien artean tradizioaren eta biziraupenaren arteko lehia zabaltzen da. Inguruan, komunitatea konplexutasunez agertzen da: emigrazioak zapaldutako adiskidetasunak, alde egiteko ideiaren inguruan banatutako familiak, itxaropen galdua eta abar. Gidoia sotila da eta oso ongi josia dago, salaketa soziala eta kontakizun intimoa maisutasunez uztarturik.
Galoek agerian uzten du lekuaren gordintasuna; zinema sozialaren moldean eraikia bada ere, tonu berezi eta ezohiko batean mintzo da. Hasieratik baztertzen du komunitatearen begirada paternalista, eta ihes egiten die, era berean, genero bereko drametan ohikoak diren eszena negar-eragile merkeei.
Lirismo bisualaren arrastoak ere nabari dira: kolore-filtroz jantzitako irudiak —nerabeek berek mugikorrekin grabatutako bideoetan bereziki—, lurraldea western moderno gisa erakusten duten panoramikak, eta hondamenaren eta argitasunaren arteko kontraste bizia duten eszenak.
Opera prima ahaltsua, ausarta eta delikatua da; salaketa egiteko gai da, sermoirik egin gabe eta hunkitzeko manipulaziorik erabili gabe. Oso gomendagarria.