Kaixo, irakurle; Goya sarien biharamunean idazten dizut; aje puntu batekin, baina bihotza pozik, espero ziren emaitzak baieztatu direla ikusi ondoren. Dagoeneko jakingo duzunez, Los domingos izan zen gaueko izarra: film onenaren, zuzendari onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sariak jaso zituen, besteak beste. Zorionak saridun guztiei, eta bereziki Euskal Herrian zinema egiten duzuen guztioi.
Alauda Ruiz de Azua, zure sentsibilitateagatik; gure gizartean oraindik tabu diren gai konprometituak pantailara ekartzeagatik. Patricia Lopez Arnaiz, zure antzezpen bikainagatik: denok behar dugu horrelako izeba baten figura, inork ikusten ez duenean ere altxatuko gaituena. Gora gure izebak. Nagore Aranburu, zein merezitako urtea: espresio ñimiño batekin, begirada bakar batekin, dena sentiarazteko duzun gaitasunagatik.
Jose Ramon Soroiz, edo Pinpix, hala deitzen dizute. Ez dugu elkar ezagutzen, baina aspalditik ezagutzen zaitudala sentitzen dut. Haurra nintzenean Martin telesaila astero-astero ikusten nuenetik, zure telebistako familia nire familiaren parte ere bazen. Horregatik, ilusio berezia egin dit hain merezitako sari hau jasotzen ikusteak.
Vicenteren istorioa nola gorpuztu duzun, zenbat pareta bota dituzun antzezpen horrekin, izugarria da. Ikusezin bihurtu ohi diren gaiak mahai gainean jarri dituzu, bakoitza bere bizitza nahi duen moduan bizitzera gonbidatuz, laguntasuna eta duintasuna aldarrikatuz. Ez da batere erraza pantailan ikusi dugun emaitza horretara iristea. Beraz, zorionak, bihotzez.
Mundua itsusten ari den garai hauetan, are garrantzitsuagoa da gizarte gisa gizakiago, sentiberago eta zintzoago bihurtzera eramango gaituzten filmak egitea. Hori da Los Domingos, baina baita Maspalomas eta Sorda ere —gaueko beste izarretakoak—; baita Los Tortuga edo La Quinta Portuguesa ere.
Zinemak errealitate desberdinetara eramaten gaitu: batzuetan imajinarioak direnetara, beste batzuetan gure ondo-ondokoak izan arren ikusi nahi ez ditugun horietara. Begiekin ikusten duguna sentitu egiten dugu, eta sentitzen dugunak pentsatzera, autokritikara eta hobetzera bultzatzen gaitu. Sariak sari dira, baina garrantzitsuena arte honen indarrean datza: ispilu bat delako, baina baita leiho bat ere.
Â