Margo’s Got Money Problems telesaila urteko ezustekorik handienetako bat bihurtzeko bidean da. Apple TV plataformarentzat David E. Kelleyk sortutako lanak umorea, drama eta samurtasuna uztartzen ditu, tonu deseroso baina erakargarrian. Prekaritateari, amatasunari eta epai sozialari buruzko kontakizun bat da, eta horregatik uzten du arrastoa.
Rufi Thorperen eleberrian oinarrituta, telesailak Margo izeneko gazte baten bizitzari jarraitzen dio. Unibertsitateko ikaslea zen eta idazle izateko ametsa zuen, baina, bere literatura irakasle ezkonduarekin izandako harreman baten ondorioz haurdun geratu, eta bizitza desegiten hasiko zaio bat-batean. Haur batekin, dirurik gabe eta etorkizun lausotu batekin, Margok Onlyfans-eko kontu bat irekitzea erabakitzen du. Ez probokazio gisa, ezta eskandalu bila ere; ateak ixten ari zaizkion gizarte batean bizirauteko baizik.
Telesailaren indargune handienetako bat da ez duela bere protagonista epaitzen. Margo ez da eredugarria, ezta biktima perfektua ere. Batzuetan inpultsiboa da, kontraesankorra, eta askotan ez daki zer egin. Baina, hain zuzen ere, horregatik da hain sinesgarria. Telesailak ederki erakusten du nola gizarteak ulermen handiagoa duen boterea duten gizonekin, egoera berean dauden emakumeekin baino. Izan ere, eskandalu handiagoa dirudi gazte batek bere semea aurrera ateratzeko Onlyfans kontu bat irekitzeak, irakasle heldu eta ezkondu batek bere ikaslea haurdun uzteak baino.
Bestalde, Margo’s Got Money Problems-ek badu tonu ironiko eta samur bat, istorioari arnasa ematen diona. Onlyfansen mundua ez da hemen ez glamourrez apaindutako fantasia bat, ezta erabateko hondamendia ere. Margorentzat, pertsonaia bat eraikitzea haren atzean dagoen kontakizuna idaztea eta norbere burua etengabe berrasmatzea da. Gainera, argi ulertzen du sareetako esposizioak bere arriskuak dituela, eta horren pisua une oro sumatzen da telesailean.
Amatasuna eta prekaritatea ardatz dituzten telesailen artean, denbora gutxian ikusi dudan bigarrena da hau, Yo siempre a veces telesailaren ondoren, eta hau ere asko gustatu zait. Batez ere, gizartearen arauetatik kanpo geratzen diren baina guztiz errealak diren emakumeen bizitzak erakusten dituelako, eta haien kontraesanak naturaltasunez azaleratzen dituelako.