Guztiok gara ezberdinak alor batzuetan, eta antzekoak beste batzuetan. Hala ere, egia da askok –gehienok– elkarrengandik ahalik eta berdintsuen izateko ahalegina egiten dugula; iritzi publikoak, agora zikoitz horrek, zer esango. Baina bada jende asko ere gizartearen korronte zabal horri jarraitzen ez diona; batzuek hala hautatuta, eta beste batzuek, aldiz, hautatu gabeko ezaugarriak eta bizi-esperientziak tarteko. Guztiok jabetzen gara ezberdin izatea garesti izan ohi dela; baina horri fokua jarri, eta kasu ezberdinak xehetasunez ezagutzeko aukera ematen du Ardi Beltzak saioak.
Aspaldidanik nuen Xabin Fernandezek Primeran plataformarako aurkeztutako saioaren berri, baina ez dut hura ikusteko aukera izan orain arte. Bi denboraldi ditu jada saioak, eta premisa oso zehatza du: gizartearen mainstream horretatik aldentzen diren hainbat pertsonaren testigantzak jasotzea. Hamabost minutuko elkarrizketa motz eta arinek osatzen dute Ardi Beltzak saioak; bosna, denboraldi bakoitzeko. Lehen lau atalak pertsona bakarrean zentratzen dira, eta Fernandez eurekin eseri ohi da aurrez aurre, EITBko Ur Handitan edota hamaika izenbururen pean ezagutu ditugun Evoleren saioak gogorarazten dituen moduan, sakon elkarrizketatzeko. Denboraldi bakoitzeko azken atalean, ordea, aurretik elkarrizketatutako lau pertsona edo ardi beltz horiek elkartu eta artalde gisa elkarrizketatzen ditu. Bakoitzaren istorio eta isolamendu propioak, orduan, irtenbide kolektiboa topatzen du; bakoitzaren ertzak, zentroa. Alde horretatik berritzailea eta interesgarria egin zait Fernandezen saioa.
Premisa aldetik saio koherentea den arren, zaila izaten da horrelakoetan atalez ataleko oreka lortzea. Egia da gai batek beste batek baino gehiago harrapatu ahal gaituela, norbere interesen eta gertu bizi ditugun esperientziak tarteko –azken finean, denok gara enpatikoago gertu dugunarekiko–; baina ez naiz horri buruz ari: diot, elkarrizketatu batzuen kasuan, euren ardi beltz izateko motiboa nahiko modu objektiboan dela azalekoagoa. Baina desoreka hori kenduta, uste dut euskal gizarteari behar duen informazio eta enpatia dosia gehitzen diola saio honek. Denok merezi dugu entzuna izatea, eta Xabinen entzule lana oso txukuna iruditu zait.