urtzi urkizu

Arrainen malkoak uretan bezala

2025eko martxoaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pelikula ona da Anora, film onenaren Oscar saria irabazi duen lana, nahiz eta zalantzak sortzen dituen «zinema independentearen» etiketak. Ez ote den Hollywoodeko maneretara asko gerturatzen... Eta aparta da No Other Land, dokumental onenaren Oscar saria jaso duena —Pantailen artetik tarte honetan, abenduaren amaieran izan zuen bere iruzkina—. Filmik onenaren kategorian hautagai izan den lan bat eta dokumentalik onenaren lehian izan den beste bat iritsi dira plataformetara berriki: Nickel Boys Amazon Prime Videon ikus daiteke —ez dute Euskal Herriko aretoetan estreinatu—, eta Filminen jarri dute Soundtrack to a Coup d'Etat. Kontatzen dutenagatik ez ezik, kontatzeko eragatik ere nabarmendu beharrekoak dira biak.

Filma: 'Nickel Boys'.
'Nickel Boys' filmaren fotograma bat.

Floridako adingabeen zentro batean sartzen dituzten bi afro-amerikarren istorioa kontatzen du Nickel Boys drama bereziak. RaMell Ross zinemagileak ikus-entzulea lehen pertsonan jartzen du, pertsonaiaren begien pare kokatzen du. Hala da, bederen, pelikularen parterik handienean. Aldi berean, Jomo Frayren argazkia benetan ederra da. Bi mutil protagonisten adiskidetasun sakona hunkigarria da. Eta modu finean salatzen du zinemagileak Ameriketako Estatu Batuetako arrazakeria. Gidoia ere ez dago batere gaizki.

Izan ere, Rossen filma Colson Whitehead idazlearen The Nickel Boys eleberrian dago oinarrituta —Fikzioaren Pulitzer saria irabazi zuen 2020an—. Fikzioa Floridako Marianna herrian 1900etik 2011ra zabalik izan zen adingabeen zentro bat hartzen du ardatz gisa, eta han, benetako zentroan, abusuak, torturak, bortxaketak eta hilketak gertatu ziren. 2013an ikerketa ofizial batzuk hasi zituzten, eta zentroaren eremuan 55 gorpu aurkitu zituzten.

'Nickel Boys' filmaren trailerra.

Whiteheadek berak esklabo afro-amerikarren inguruko eleberri arrakastatsu bat ere idatzi zuen, 2016an. Harekin ere Pulitzer saria irabazi zuen. Eta istorio horretan oinarrituta, The Underground Railroad telesail bikaina egin zuen Barry Jenkinsek 2021ean. Amazon Prime Videon ikus daiteke hori ere. Plataforman ikus daitekeen telesailik onenetakoa da, zalantza izpirik gabe.

Lumumba hil zuten AEBek

Ameriketako Estatu Batuen erakundeen boterekeriaren adibide bat baino ez da Nickel Boys-en ageri dena. Baina XX. mende osoan gisa berean jokatu zuen Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako hainbat herrialdetan —XXI. mendean ere bai—. Soundtrack to a Coup d'Etat dokumentalean, jazz erritmoan, Johan Grimonprez Belgikako zinemagileak Kongo Belgikaren kolonia zen garaia nola bukatu zen kontatzen du, herrialde horrek 1960an nola lortu zuen independentzia, eta zer gertatu zen ondoren Patrice Lumumba lehen ministroarekin. Oso interesgarria da filma, hainbat arrazoirengatik. Historia kontatzeko moduagatik ere bai.

'Soundtrack to a Coup d'Etat' dokumentala
Patrice Lumumba Kongoko lehen ministro izan zena, 'Soundtrack to a Coup d'Etat' dokumentalean. HARRY POT

Hainbat musikari afro-amerikarren doinuek gidatzen dute istorio guztia. Zuri-beltzezko bideoklip amaigabe baten —bi ordu eta erdi luze da dokumentala— narrazioak harrapatu egiten du ikus-entzulea. Eta badira historiako pasarte harrigarriak tartean; Louis Armstrong musikariak bira bat egin zuen Kongon, AEBetako Estatu Departamentuak antolatuta. Ez zen aurpegi zuriketa hutsa: Katanga eskualdera joan zenean —Union Miniere du Haut Katanga enpresa han zen—, AEBk tronpetistaren kontzertua baliatu zuen estalki moduan uranioa garraiatzea prestatzeko.

'Soundtrack to a Coup d'Etat' dokumentala
'Soundtrack to a Coup d'Etat' dokumentalaren fotograma bat. TERENCE SPENCER

Dokumentalaren beste momentu esanguratsu batzuk New Yorken gertatzen dira, Nazio Batuen bileretan. Han baitabiltza Fidel Castro Kubako Iraultzako liderra, Nikita Krustxev Sobietar Batasuneko presidentea —zapatari jo eta jo hasten da mahai gainean—, Malcom X Kongoko egoeraz hizketan handik metro gutxira... Irudi aztoragarriak dira 1961eko otsaileko goiz batekoak: Abbey Lincoln abeslariak eta Max Roach bateria jotzaileak NBEko Segurtasun Kontseilura jo zuten, beste manifestari batzuekin batera, Kongoko lehen ministro Patrice Lumumbaren hilketa salatzeko. XX. mendeko deskolonizazio prozesuetan, hilabete garrantzitsuak izan ziren horiek. Modu paregabean kontatzen ditu orduan gertatutakoak Grimonprezek. Desagertuak ziren Lumumbaren diskurtso batzuk ere aurkitu ditu zuzendariak. Eta une batean entzuten da, bestalde, Dwight D. Eisenhower AEBetako presidentearen aginduz hil zutela Lumumba.

Baina Afrikako herrialde batzuen independentzia prozesuen ostean, iritsi ziren genozidio gehiago. Gerra gehiago, Mendebaldeko potentzia inperialistek bultzatuak. Hil zituzten guztien senideen malkoak desegin egin ziren, ordea, arrainen negarra uretan bezala.

'Soundtrack to a Coup d'Etat' dokumentalaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.