Sasoi ona da dokumentalentzat. Ez-fikzioa deituriko horretan, istorioak kontatzeko hamaika modu daude. Eta generoak milaka aurpegi ditu; kalitate handiko proposamen zinematografiko bereziak badira azkenaldian dokumentalen alorrean.
Aurten, zinema jaialdi nagusien artean, Berlinaleko Urrezko Hartza Mati Diopen Dahomey dokumentalak irabazi zuen. Eta Donostiako Zinemaldian, Albert Serraren Tardes de soledad dokumentalak bereganatu zuen Urrezko Maskorra. Lehenak gai oso interesgarria eramaten du pantailara: Frantziako tropa kolonialek XIX. mendean Beninen lapurtutako hainbat artelan itzuli egingo dizkio herrialde horri 2021ean. Tartean dira Dahomeyko Erreinuko 26 altxor. Estatuen alegiazko off-eko ahotsak eta Beningo herritarren arteko eztabaidak entzungo dira filmean.
Dokumentalen generoak ematen dituen aukerak baliatzen dituzte Tardes de soledad-ek eta Dahomey lanek, eta iragartzen dute datozen urteetan jaialdietako Sail Ofizialen lehian presentzia are handiagoa izango dutela dokumentalek.
Sariak pilatzen ari den beste dokumental indartsu bat, bestalde, No Other Land da. Berlinalen bertan jaso zituen aurreneko bi sariak; ondotik iritsi dira, besteak beste, Amsterdamgo Zinema Dokumentalaren Jaialdiko saria, New Yorkeko zinema kritikarien saria, NBR AEBetako Kritikarien Elkarteko Prentsa Askatasunaren Saria eta dokumental onenaren saria Europako Zinemaren Sarietan. Norvegiaren eta Palestinaren artean ekoitzitako filma da. Aktibista talde batek zuzendu du dokumentala: Basel Adra eta Hamdan Ballal palestinarrak eta Rachel Szor eta Yuval Abraham dira egileak, eta bost urtez aritu ziren filmatzen Israelgo armadak Masafer Yattan, Zisjordaniako hegoaldean, egindako suntsiketa bortitzak.
Aipatutako lau egileetako bik hartzen dute protagonismoa dokumentalean: Basel Adra aktibista palestinarrak eta Yuval Abraham kazetari israeldarrak. Adra jaio eta hiru urtera, 1999an, Israelgo armadak Masafer Yattako palestinar guztiei agindu zien etxea uzteko, han entrenamendu militarreko eremu bat jarri nahi zutelako. Okupazio horren aurka protestan aritu dira Zisjordaniako eremu horretako herritarrak, eta suntsiketa eta bortizkeria baino ez ditu jaso. Dokumentalak modu argigarrian erakusten du Abrahamek badituela eskubide batzuk, eta Adrak ez duela halakorik. Okupazioaren inguruko iritzi bera dute biek, baina lazgarria da oso Adrak bizi duen patua. Zuzenbide ikasketak baditu, baina bere herriaren eta etxearen aurkako eraso etengabeak ari da jasaten tropa israeldarren aldetik. Ezin du bozkatu. Ezin da aireportura joan. Apartheid egoera krudel batean bizi dira bera eta bere senideak.

Masafer Yattako etxeak nola suntsitzen dituzten ikusten da irudietan. Hondeatzaileekin doaz israeldarrak herritarren etxeak eraistera. Benetan hunkigarria da eskola bat zein gupidagabeki suntsitzen duten ikustea. «Espero dezagun dokumentalak laguntza deiadar moduan funtzionatzea. Gure kolektiboak deia egin nahi du okupazioaren amaiera irits dadin, eta berdintasuneko eta askatasunezko marko politiko berri bat ezar dadin», adierazi du Adrak.
Dokumentala Filmin ordainpeko plataforman ikus daiteke. Ezinbestekoa da. Gogorra bezain beharrezkoa.
Euskal Herriko lanak
Euskal Herrian ere egiten dira dokumental sendoak —nahiz eta kopuruz gehiago izan erreportaje estandarrak—. Aurten euskal zinemagileek egindako dokumentalen artean, Ander Iriartek eta Amaia Merinok zuzendutako Indarkeriaren oi(h)artzunak eta Pello Gutierrezen Erreplika izan dira esanguratsuenak. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, Publikoaren Saria eta Amnesty Internationalen aipamen berezia jaso zituen aurrenekoak, eta Donostiako Zinemaldian Irizar sariko epaimahaiaren aipamen berezia bigarrenak. Indarkeriaren oi(h)artzunak-en, Tamara Muruetagoienak kameren aurrean egiten duen kontakizunak bihotz gogorrena ere biguntzen du —Adur Larrearen animazio ederrak lagun—. Eta Erreplika-n, Gutierrezek egiten dituen bilaketek eta galderek hausnarketa askorako balio dezakete. Biak dira oso bereziak, gainera, kontatzeko eran. Segi dezatela bidean.