Sara Azurza
'Ekografiak'

Aurkariak baino zerbait gehiago

2026ko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer gertatuko litzateke mundu osoan ezagunak diren futboleko bi kapitain armairutik aterako balira, elkarrekin maiteminduta daudela esanez? Esan daiteke 2026. urtea izan arren zaila egingo litzatekeela oraindik ere. Baina zergatik izan behar du hain gogorra bakoitzak bere sexualitatea askatasunez bizitzeak? Gizarteak, eta bereziki kirol maskulinoek, oraindik badituzte behar bezala estutu gabeko torloju batzuk.

Imajinatu kirolean aurkari izatetik maitale izatera eta handik maitemintzera eramaten zaituen errealitate bat. Hori da marka guztiak hautsi dituen telesail kanadarraren abiapuntua: Heated Rivalry.

Shane Hollander (Hudson Williams) eta Ilya Rozanov (Connor Storrie) izotz hockeyko izar handiak dira, lehia eta desirak elkarrengana eramango dituenak. Hasieran sekretupeko harreman huts gisa hasten dena hamarkada oso bat irauten duen maitasun, ukazio eta hazkunde bidaia bihurtzen da, izotzean ospea bilatzen duten bitartean handik kanpo beren sentimenduekin borrokan ari diren heinean.

Telesailak kirol anbizioa, desira sexualaren pizkundea eta bi gizonen arteko erromantze moderno bat uztartzen ditu, eta entretenimendu esperientzia harrigarri bezain erotikoa sortu. Gehien nabarmentzen duena Shane eta Ilyaren arteko harremana deskribatzeko erabiltzen duen intimitatea da.

Baina zergatik du hainbesteko arrakasta? Kontakizunak badu berezitasun bat: gauzak okertzen diren bakoitzean, irtenbide bat eskaintzen du, egoerak muturreraino eraman gabe. Harremanaren tentsioa eta aurrera egiteko zailtasunak sentitu egiten dira, baina dena iluntzen denean, konfort eremu moduko batera eramaten zaitu. Adibidez, Shane izotzean erortzen da eta, larri zaurituta amaitu beharrean, esnatu eta Ilyari txabolara joatea proposatzen dio. Era berean, New Yorkeko kapitain Scott Hunter publikoki armairutik ateratzen denean, protagonistek elkarrekin egoteko bidea bilatzera eramaten dute.

Telesailak aurrera egin ahala, arriskuaren sentsazioa lausotu egiten da, eta hondamendiaren mehatxu oro indargabetuta geratu. Ez da sexua eta morboa soilik: hamarkada oso batean bi pertsonaiek egiten duten barne lanketa sakon eta neketsuaren kontakizuna da. Ikusi nahi baduzu, dagoeneko Movistar Plus plataforman duzu eskuragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA