Carlos Augusto Casas kazetariak idatzitako Ya no quedan junglas adonde regresar eleberriaren istorioa Madrilen gertatzen da, baina filmaren zinemarako egokitzapenean Donostia izan da aukeratutako eszenatokia. Ya no quedan junglas filmak gizonezko bortitzen, narkotrafikoaren eta prostituzioaren inguruko istorio bat kontatzen du, eta berriki Prime Videora iritsi da.
Theo, Gentleman ezizenez ezaguna den soldadu estatubatuar ohia da protagonista, Ron Perlman aktoreak jokatzen du haren rola. Itziar Ituñok ere parte hartzen du, narkotrafikoko kartel bateko liderraren rolean. Haietaz gain, Karra Elejalde, Megan Montaner eta Hovik Keuchkerian ere agertzen dira.
Sinopsia edo istorioa zeri buruzkoa den ez dut azaldu ere egingo, itzulingururik gabe esango dut esan beharrekoa: aspaldi ez nuen halako auzo lotsarik pasatzen film bat ikusten. Inolako iragazkirik gabeko testosterona zinema da eta pantailan isuritako maskulinitate litroak ikaragarriak dira; masailezur karratudun sikarioak, narkotrafikoa eta, jakina, dekoratu gisa erabilitako emakumeak.
Aktoreen zerrenda lehen mailakoa da eta alderdi bisuala oso eraginkorra, baina, gidoia hain ahula denean, pertsonaiei basakeriak eta botere maskulinoaren kodeek menderatutako ekosistema batean noraezean ibiltzea baino ez zaie geratzen.
Geruza emozionalak gehitzeko saiakera lotsati bat sumatzen da, baina inoiz ez du lortzen benetan den horretatik ihes egitea: gizonezko zaurituen desfile bat, orbainik handiena —beste zerbait ez esatearren— nork erakusten duen ikusteko lehian. Gidoia oinarrizkoa da, eta elkarrizketa erdipurdikoak eta lotsagorritzeko uneak ugariak dira.
Bisualki, filma txukuna da. Hiria ilun eta zapaltzaile ageri da, eta kaleek eta eraikinek etengabeko arrisku giroa eta urduritasuna transmititzen dute. Hasieran, irribarre txiki bat marraztuko zaizue aurpegian, Donostia noir-ez mozorrotuta ikustean; bitxia da hiria inoiz ikusi gabeko tonuarekin ikustea, baina grazia hori azkar desagertzen dela ziurtatzen dizuet.
Klixeen safari moduko bat da eta arazorik handiena da filmak serioegi hartzen duela bere burua; agian, ikuspegi ganberroago batekin, B seriearen estiloan, askoz hobeto funtzionatuko luke.
Esandakoa, auzo lotsa.