gaizka izagirre
Ekografiak

Auzoaren borroka

2026ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kataluniako Ravalear lana Pol Rodriguez zinemagilearen bizipen pertsonaletan oinarritzen den telesail bikaina da. Rodriguezek berak eta Isaki Lacuestak zuzendu dute, eta, Berlingo zinema jaialditik igaro ostean, gaur estreinatu dute HBO Max plataforman.

Ehun urte baino gehiago dituen Can Mosques familia jatetxea da narrazioaren erdigunea; Bartzelonako Raval auzoaren bihotzean dago. Eraikina hustu eta auzoaren eraldaketa bizkortu nahi duen inbertsio funts baten eskuetan erori ondoren, etxegabetzearen mehatxuari aurre egin beharko diote. Jabeek auzokoen babesa jaso eta jatetxea defendatzeko borrokari ekiten diotenean, egoerak norabide geroz eta arriskutsuagoa hartuko du berehala. Can Mosques salbatzeko, inoiz gurutzatuko ez zituztela uste zuten mugak zeharkatu beharko dituzte.

Telesaila nahiko korala den arren, Enric Auquer eta Maria Rodriguez Soto ditu protagonista, eta haiekin batera ageri dira Sergi Lopez, Francesc Orella, Lluisa Castells eta Quim Avila, besteak beste; lan aparta egiten dute guztiek.

Thriller sozial bizia eta erabat errealista da: pistolarik gabeko tentsioa eraikitzen du, baina etengabeko arrisku sentsazioarekin. Gaur egungo gatazka sakonak jorratzen ditu —etxebizitzarako sarbidea, putre funtsen jarduna, arrazakeria, immigrazioa eta okupazioa—, guztiak Raval auzoan gurutzatzen diren istorio anitzen bidez ehunduta. Dokumentazio lan sendo batean oinarritzen da, baina fikzioaren taupadari eutsiz.

Planoen, muntaketaren, musikaren eta, oro har, eszenaratzearen arteko uztarketa ikusgarria da. Fikzioari dokumentalgintzaren errealismo gordina erantsi diote, baina, aldi berean, erritmo frenetiko eta indartsua eman. Formak eta narrazioak eskutik egiten dute aurrera kontakizun osoan, pertsonaien arku dramatikoa etengabe elikatuz eta aberastuz.

Estetikaren, erritmoaren eta tentsio narratiboaren joko horretan, Antidisturbios telesailaren oihartzunak antzeman daitezke; aldi berean, gai sozialak lantzeko orduan Frantziako zenbait zinemagileren —bereziki Ladj Lyren— zinema moldearen arrastoak ere nabari dira.

Hizkuntza aniztasuna ere istorioaren parte da: katalana nagusi bada ere, gaztelania, arabiera, urdua eta ingelesa entzun daitezke, eta, hala, auzoko mosaiko soziala islatzen da.

Urteko telesail nabarmen eta indartsuenetako bat da. Bikaina!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA