Zutabe honekin hasi nintzenetik bi urte beteko diren honetan, pena handiz, Ekografiak atala utziko dudala iragarri nahi dizuet gaurkoan, uztailaren azken egunean. Irakaspen handiko hilabeteak izan dira, bai telebista ikusteko moduan, baita hedabide honetan idazteko moduan ere nigan eragin handia izan dutenak.
Betidanik gustuko izan dut telesailak ikustea; haur nintzela ikusten nituen animaziozkoetatik hasita —Doraemon eta Lazkao Txiki, kasurako—, nerabezaroan ezagututako beste batzuetatik igaroz —Friends, Goenkale eta Charmed, esaterako—, helduaroan, telesailen eta plataforma digitalen booma tarteko, ikusi ditudan ehunka lanetaraino. Batzuetan gehiegi izatera iritsi eta memoria mugatu honetan galtzera kondenatuta egon badaitezke ere, den-denek egin didate ekarpenen bat noizbait. Ez nuke komedia erromantikoen inguruan gaur egun dudan ikuspegia edukiko inoiz Fleabag telesailarekin topo egin ez banu; ez nuke pertsonaien arkua urteetan nola aldatzen eta garatzen doan ikasiko Breaking Bad eta Better Call Saul ikusi izan ez banitu; eta ez nuke jakingo, badaezpada, traman datorren hurrengo gertakaria ez dela inoiz aintzat hartu behar Game of Thrones-en plot twist harrigarriengatik ez balitz.
Ekografiak atalari zor diot, halaber, bestela ikusiko ez nituzkeen telesail batzuk ikusi izana: Under the Bridge interesgarria, Toxic Town bikaina, Ripley brutala, Lost Boys and Fairies emotiboa. Eskerrik asko, bide batez, Gaizka Izagirreri eta Urtzi Urkizuri ere; ikus-entzunezko lanak ikusteko euren erritmoa nirea baino azkarragoa izanik, zer ikusi erabakitzeko gomendio asko eman dizkidatelako urte hauetan guztietan.
Eta azkenik, noski, Ekografiak atalari eskertu behar diot gurean sortzen diren ikus-entzunezko lan bikainak gertuagotik ezagutu izana ere. Beita, Desagertuta, Brinkola, Hondar ahoak edota, euskaraz ez izanagatik ere, Querer ausarta. Telesail gehiago egiteko dirua beharko litzatekeela esan izan dut hainbat alditan; baina, egia esan, dagoenak ere frogatzen du euskarazko fikzioarekiko dugun maitasuna eta errespetua. Istorioak kontatzen jarraitu behar dugu; guk kontatzen ez baditugu, gure ordez kontatzen jarraituko dutelako. Gora euskal fikzioa eta haren analisia; ez diezagutela ahotsa kendu!