Sara Azurza
Ekografiak

Babesik gabeko lekukoa

2026ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bere bizitza edo nirea izango zen»; hori da gaurko true crime-aren atzean dagoen esaldia, eta Netflixen apirilean estreinatu zuten Should I Marry a Murderer? dokusailaren abiapuntua. Izenburuak berak planteatzen duen bezala: zer egingo zenuke ezkontzera zoazen pertsonak norbait hil duela aitortuko balizu?

Hiru ataleko lan horrek 2017 eta 2023 artean benetan gertatutako istorio bat kontatzen du, protagonistaren ahotik. Alde batetik, Caroline Muirhead dugu, patologo forentsea; bestetik, Alexander Sandy McKellar, ehiztaria. Tinder bidez ezagutu zuten elkar, eta hilabete gutxiren buruan ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Hasieran erraza eta ia perfektua zirudien harremanak, ordea, oso azkar egin zuen amesgaiztorantz.

Izan ere, McKellarren aitortza batek guztia irauli zuen. Muirheadi azaldu zionez, 2017an, mozkortuta zegoela, Tony Parsons izeneko txirrindulari bat autoz harrapatu zuen, eta, ondoren, bere anaiarekin batera, Eskoziako Highlandeko landa eremu batean lurperatu zuten gorpua. Une horretatik aurrera, Muirheadek ezkutuan jardun zuen Eskoziako Poliziarekin elkarlanean, hilketa argitzeko eta gorpua aurkitzeko.

Dokusailak bikotearen harremanaren bilakaera erakusten du, baina batez ere Muirheaden testigantza bihurtzen da kontakizunaren ardatz. Lehen pertsonan azaltzen du nola bizi izan zuen guztia: aitortza haren ondoren, normal jarraitu behar izan zuen, beldurra eta presioa isilean eramanez.

Hala ere, dokumentalaren alderdirik interesgarriena ez dago hilketaren kontakizunean bertan. Hiru ataletan zehar, Muirheadek argi uzten du ikerketako lekuko nagusia izan arren Eskoziako Poliziaren babes falta erabatekoa izan zela. Urte luzez ez zioten inolako baliabiderik edo babes-neurririk eskaini McKellarengandik babesteko, eta egoera horrek bere osasun mentalean izan zuen eragina ere gordinki azaltzen du, muturreko egoeretara iritsi arte.

Ez zait azken urteetan ikusitako true crime onena iruditu, ezta generoari bereziki ezer berririk gehitzen dion lan bat ere. Hala ere, badu interesgarria den elementu bat: Caroline Muirheaden testigantza. Dokusailak justizia egiteko beharra azpimarratzen du, baina, batez ere, ikerketetan parte hartzen duten testiguen babesa bermatzearen garrantzia jartzen du mahai gainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA