Musika irratiaren eta entzunezko mintzairaren ezinbesteko osagaia bada ere, lerro hauetan behin baino gehiagotan nabarmendu izan dut hainbat podcastetan ez dela musikarik agertzen, sintonian ez bada. Solasaldietan oinarritutako saioetan bereziki, musikaren absentzia hori ez da hutsune moduan jasotzen, ezinbestekoa ez balitz bezala. Hori ez da gertatzen, ordea, aste honetan dakarkidan Leku Baten Bila bideopodcastean, non atzeko musikak aurkezlearen eta gonbidatuen arteko elkarrizketa laguntzen duen. Ez dago sobera, ez du hitza oztopatzen, eta ez du isilarazten euskal musikan emakumeek behar duten lekuaren aldarria.
Azken aldarrikapen horretatik sortu du Iraia Cambria Herrerok podcasta, gaur egun Naiz Irratian astean behin emititzen duena. Gradu Amaierako Lan moduan sortu zuen podcasta musikari eta komunikatzaileak, eta hilabete batzuk behar izan ditu lehenengo atalak argitaratu aurretik. Euskadi Irratiko Baipasa-n aitortu zuen moduan, elkarrizketatuak eroso egongo ziren leku baten bila ibili zen lehenengo grabaketetan, baina, azkenean, irratiko estudioetan babeslekua edo gela propioa sortzea erabaki zuen. Oso garrantzitsutzat jotzen du aterpea eskaini ahal izatea, eta horrekin bat dator Ainhoa Vitoria kazetaria, Yoko Ona saioaren gidaria eta estudioan egindako lehenengo grabaketako gonbidatua. Orain arte, saio horren sei denboraldietan emakume musikariek babeslekua topatu dute.
Euskal Herriko musikaren esparruan ari diren emakumeek bozgorailua dute saio horretan, euskaraz lan egiten dutenek bereziki, baina beste hizkuntzetan oholtzaratzen direnek ere bai. Musikaz mintzatzen dira, baina ez soilik musikaz, eta ez diete ihes egiten beste gai polemikoagoei; gauza batzuek aurrera egin duten arren, oraindik oso maskulino eta matxista den industria bati betaurreko feministaz begiratzen diote.
Hasieran esan bezala, bigarren planoan bada ere, musika presente dago saioan. Egitura ere ez da ohikoa: aurkezpenean gonbidatuaren ideia batzuk aurreratu ondoren, kareta eta sintonia sartzen dituzte, eta ia ordubeteko elkarrizketa egiten dute ondoren. Nabaria da mimo handiz egindako saioa dela, oso zaindua, eta agerian geratzen da solaskideen arteko konplizitatea, konfiantzazko giroa. Guk, entzuleok, bisitatzea merezi duen lekua dugu.