Albiste txarrak heltzen dira euskarazko kazetaritzatik, Bilboko Prest! aldizkaria eta Uriola.eus agerkaria isilduko baitira abenduan. Euskarazko podcastgintzan, berriz, proiektu berriak sortzen jarraitzen dute, eta beste batzuk itzultzen ari dira; horien artean kazetaritzako hiru ikaslek —Julene, Goiatz eta Angeru— egiten duten Konteixu saioa. Astelehenean hirugarren denboraldiaren lehenengo atala argitaratu zuten, eta bertan azaldu zituzten aurreko ikasturtean Erasmus eta Sicue programen barruan bizi izan dituzten esperientziak.
Beti bezala, lagunarteko solasaldi alai, gazte eta freskoa eskaini zuten lehenengo emanaldi horretan, baita kareta berritua ere. Eskarmentua nabaritzen zaie, eta seguruago agertzen dira mikroaren aurrean, eta atzean utzi dituzte hasierako akatsak (ia), oraindik hasieran beren burua aurkeztearen falta sumatzen badut ere. Erraz entzuten den saioa da, eta ziur nago ikaskideekin kode eta konplizitateak partekatzen dituztela, azken finean horiek badira entzule objektiboak. Benetan poztu nauela segitzen dutela jakiteak, eta nostalgiaz ikusten dut ikasketa-programek irrati laborategia deitzen genuena —gaur Audiolab— hustu dutela.
Bueltan dagoen beste bat BaDAbil da, Hiru Damatxok ekoizturiko eta Amets Arangurenek zuzendutako podcasta; honek ere hirugarren denboraldia estreinatu berri du hilabete honetan, Durangoko Azokaren testuinguruan. Asteartean eskuragarri izango da denboraldiaren laugarren atala, eta seigarrena eta azkena, berriz, zuzenean egingo dute 60 urte beteko dituen azokatik zuzenean. Euskal kulturako hainbat arlori so egiten diote, atal bakoitzeko gaiarekin loturiko hiru gonbidaturekin; bazterretik begiratu ere, eta ez berezko borondatez, baizik eta hor jartzen baitu merkatuak euskal kultura. Ildo horretan, bereziki interesgarria iruditu zait hasierako emanaldia, non euskaldunen topaguneak diren espazioez ari izan baitira.Â
Saio propioa eta hainbat irrati-emanalditan bozgorailua izateaz gainera, Azokaren barnean Berbagailua podcasten plaza iragarri dute antolatzaileek. Egitarau askotarikoa eskainiko dute Madalenako Ermitan abenduaren 5etik 8ra, baina esan behar dut webgunean argitaraturiko eskaintza horretan faltan bota ditudala Ipar Euskal Herriko mikroak.Â