Zineman ugariak izan dira bideojokoen moldaketak, baina gehienak nahiko kaskarrak iruditzen zaizkit. Joera hori, pantaila txikian behintzat, aldatzen ari da: 2021eko Arcane: League of Legends eta iazko The Last of Us, adibidez, apartak iruditzen zaizkit. Prime Videora Fallout iritsi da, eta espero nuenaren kontrara, ikaragarri gozatu dut, egokitzapen aipagarrienen zerrendan sartuko nukeen edukia iruditu zait. Vaul-Tec konpainiak, gerra nuklear batek planeta suntsituko duelakoan, zenbait babesleku sortu ditu; bertan gutxi batzuk soilik bizi daitezke, dirudunak gehienak, gainerakoek lur azalean biziraun beharko dute. Apokalipsi nuklear bat gertatu eta 200 urtera dago girotuta istorioa, 2296. urtean zehazki. Lucyk, bilaketa zehatz bati ekiteko asmoz, babesleku horietako batetik lehenengoz kanpora atera behar duenean abiatzen da ekintza nagusia. Ingurune gogorra, arriskutsua, ezin deskribatuzko pertsona, izaki eta tribuak dituena. Estetika erretrofuturistaz lagunduta, hiru protagonista nagusi aurkezten ditu telesailak, istorioan paraleloki txandakatuz doazenak: aipaturiko Lucy, Maximus eta nekrofagoa deritzona. Lehen minutuak nahikoak izango dituzu ekoizpen honetan sekulako dirutza gastatu dutela antzemateko (150 milioi dolar zehazki); ekoizpen diseinua, dekoratuak, akzio sekuentziak… ikusgarriak dira. Ia guztia espresuki eraiki eta sortu dute, fisikotasun handia jariatzen du telesailak. CGI-a ere badago, jakina, baina zientzia fikziozko eduki gehienen atzean guztia digitala den garaiotan, «artisautzaren» aldeko hautua asko eskertu dut. Musikarekin ere gozatu dut, Ramin Djawadik konposatu duen soinu bandaz gain, kanta oldies josia dago: Nat King Cole, Johnny Cash eta abar.
Atalak luzeak diren arren, ikuserraza iruditu zait, cliffhanger dosiak dituelako, baina batez ere erabili duten tonuagatik. Drama badago, basakeria eta misterio apur bat ere bai, akzioa zer esanik ez, eta kontakizun osoa tonu ganberro eta umoretsuz bustia dago, baita satira sozial apur batez ere. Westworld eta The Boys telesailak uztartuko bagenitu bezala. Egia da, bestalde, tonuaren, musikaren, pertsonaiaren eta erritmoaren arteko mazedonia hori apur bat nahasia dela, eta une batzuetan gogaitu egiten duela, baina tira, osorik erosten dut.
Â