Botere-harremanen jokoan marra arriskutsu bat dago. Marra horrek bataren desira eta bestearen hondamendia marrazten ditu. Horrekin jokatzen duenak, bere nahiengatik eta berekoikeriagatik, besteari bizitza izorratzeko hautua egiten du. Eta gero esan: barkatu, maitea.Â
Sorry, Baby filma zinema aretoetan dauden altxor horietako bat da. Oihartzun handirik gabe bihotzera sartzen diren horietakoa. Ederra eta gogorra aldi berean. Sotila, baina sendoa. Eva Victorrek zuzendua eta antzeztua da, eta intimitatetik kontatutakoa, zaratarik egin gabe barrura iristen diren istorio horietakoa.
Agnes Wardek (Eva Victor) bere bizitzako une jakin bat zeharkatzen du, sexu-abusu batek markatua; esperientzia horrek sakon aldatu du munduarekin eta bere buruarekin duen harremana. Narrazio zatikatu baten bidez, istorioak haren egunerokoari eta lotura pertsonalak berreraikitzeko duen zailtasunari jarraitzen dio, eta, horrela, hauskortasunari, memoriari eta erresilientziari buruzko erretratu intimo eta neurritsua osatzen du. Filma ez da dramatismo handietan erortzen; aitzitik, xehetasun txikietan eta eguneroko keinuetan aurkitzen du bere indarra.
Filma bere lagun min Lydie bisitan datorrenean hasten da, haurdun dagoela kontatzen dionean. Ondoren datorrena Agnesen kontakizuna eta esperientzia dira. Agnesek ezin du bere burua ama izaten irudikatu; egunerokoan bizirik irautea du helburu. Babesa ematen ez dion sistema batean, bere katua zaintzea jada aurrerapauso bat da. Egunak pasatzen dira, eta bizitza aurrera doa, baina ez beti espero den moduan: urrats txikien bidez, isilune luzeen artean, eta askotan ulertzen zailak diren erabaki batzuen bidez. Horrela, filmak minaren ondorengo bizitza erakusten du: zatika, geldo, baina aurrera eginez.
Sorry, baby. Agnesek Lydieren haurra eskuetan duela, babesik emango ez dion gizarte batean bera hor egongo dela zin egiten dio: «Edozer konta diezadakezu; zerbait gertatzen bazaizu, nik babestuko zaitut». Zin txiki horretan filmak proposatzen duen erresistentzia modurik ederrena ageri da: bere burua barkatzean eta, munduak huts egiten duenean ere, elkarri eusteko ahaleginean oinarritzen dena.Â