Zein ederra den gaztetasuna, uda eta amodioa elkartzen diren bidegurutzea. Zein ederra den zer egun den ez jakitea, itsasoa, eta barre-algara artean lagun berriak egitea. Baina zein deserosoa den hori guztia zurea ez den beste begirada batetik ikusten duzunean, beroa itogarri bihurtzen denean.
Gehienok ezagutuko duzue La vie d’Adèle (2013), Abdellatif Kechicheren film arrakastatsua. Adeleren eta Emmaren maitasun istorioa esplizituki, oso esplizituki, kontatzen du. Canneseko Urrezko Palma irabazi ez ezik, eztabaida ere piztu zuen. Izan ere, Lea Seydoux eta Adele Exarchopoulos protagonistek filmaketaren gogortasuna salatu zuten. Sexu-eszena esplizituak grabatzeko egun osoak behar izan zituztela azaldu zuten —sekuentzia bakarrerako hamar egun ere bai—, eta horrek neke fisiko eta psikologikoa eragin ziela. Ezin nuen hori aipatu gabe gaurko filmaz hitz egin, eta orain ulertuko duzue zergatik.
Mektoub, My Love: Canto Uno (2017) zuzendari beraren trilogiako lehen lana da. 1994ko udan girotuta, Amin (Shain Boumediene) jaioterrira itzuli eta familiarekin eta betiko lagunekin elkartzen da. Hondartza, otordu eta udako gau artean, Ophelierekin duen tentsio sexuala ezkutatzen saiatzen da. Ophelie (Ophelie Bau) laster ezkonduko da, baina harreman estraofizial bat du Tonyrekin (Salim Kechiouche) —Aminen lehengusuarekin—. Tonyk, bitartean, kostaldeko herrira iristen diren turistekin ligatzea du helburu.
Guztiek gorputz eskulturalak dituzte, eta sex appeal-ez gainezka mugitzen dira pantailan, eguzkia hartzen, espagetiak jaten eta ardiak bazkatzen. Denborak presarik gabe egiten du aurrera, elkarrizketa luze, begirada bihurri eta gaztetasunari lotutako sexu-elektrizitate hedonistaren artean.
Baina zeinen begiradatik eraikitako gaztetasuna da hori? Ia hiru orduko filma emakumeen gorputzei —eta bereziki haien atzealdeari— egindako omenaldi amaigabea bihurtzen da. Kamera bera Ophelieren atzeari jarraituz mugitzen da hainbat planotan, inolako lotsarik gabe. Filmak emakumeak begiratzeko modu horretan du arazoa, haien bizitzak gizonen desiren inguruan etengabe dantzan jartzean, eta haien fisikoak filmaren erdigunean kokatzean. Hasierako uda eder hura, azkenean, itogarri bihurtzen da. Ez beroagatik, zuzendariaren begiradarengatik baizik.