Nostalgiak pizten duen zirrararen mamia aprobetxatu nahian eta bere garaian ondo funtzionatu zuen formula ahalik eta gehien zukutzeko helburuz, azken urteotan etengabe ari dira iraganeko zenbait ikus-entzunezkoren jarraipen edo remake-ak egiten; batzuei olio errearen usaina darie.
Bada, The Guardian egunkariak argitaratu duen albistea bereziki deigarria iruditu zait: Z belaunaldikoen artean 2000ko hamarkadako telesailek sekulako arrakasta dute, eta eduki horiek ari dira kontsumitzen azken boladan.
1990eko hamarkadaren erdian edo 2000. urtean hasita gaur arte jaiotako pertsonen artean Sex and the City, Gilmore Girls, Gossip Girl, Malcolm in the Middle, Friends, Vampire DiariesetaSkins telesailak dira ikusienak. Zein da horren erantzule nagusia? Sare sozialak, eta bereziki TikTok.
Izenburu horien bideoak, iruzkinak eta memeak partekatzen dituzte TikTok-en, eta horren eraginez, 2000ko hamarkadako telesail ugari berraurkitzen edo deskubritzen ari dira. Sex and the Citytelesailarekin 108.000 bideo egin dira, Skins-ekin 1,6 milioi, Gossip Girl-ekin 1,2 milioi, eta Vampire Diaries-ekin, aldiz, bi milioi inguru.
Exekutibo eta ikus-entzunezkoen munduko arduradunak orain dela urte batzuetako edukiak behin eta berriz berrerabiltzen ari diren garaiotan, ikusle gazteek bizkarra eman eta zuzenean jatorrizko edukiak kontsumitzen ari direla dirudi.
Ba aizue, zer nahi duzue esatea, sare sozialek eragindakoa bada ere, albiste honek poza eragiten dit. Pertsonalki nazkatuta eta aspertuta nago hainbeste remake, spin-off eta prekuelarekin, eta iruditzen zait testuinguru eta garai jakin bateko edukietara jotzea dela zentzudunena eta politena. Izan genero ikuspegitik, emakumearen irudiaren trataeragatik edo #RedFlag izan daitezkeen beste arrazoiengatik, agerikoa da horietako asko ez direla batere ongi zahartu; baina ia denek dute zerbait interesgarria egungo begietatik aztertuak izateko.
Estreinaldien tsunamian (ia) itota —baina oso pozik— bizi diren horietakoa naiz, eta ikaragarri gustatuko litzaidake telesail klasikoetara itzuli eta horien ikustaldi luzeak egitea, baina zoritxarrez ezinezkoa zait. Badakizue, denbora eta bestelako kontu horiek.
TikTok belaunaldien arteko zubi bihurtu dela dirudi, eta hori pozgarria iruditzen zait.