gaizka izagirre
'Ekografiak'

Beldurra, bluesaren erritmoan

2025eko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gangsterrak, banpiroak eta bluesa: horiexek dira Sinners filmaren hiru osagai nagusiak. Frankizien mundua atzean utzita, Ryan Coogler zinemagileak aurtengo ustekaberik handienetako bat ekarri digu —agian film honetatik gutxi espero zelako—. Zinemetatik igaro ondoren, HBO Max plataformara iritsi da, eta udarako gomendio paregabea iruditzen zait. Apustu egingo nuke sarien denboraldian zeresana emango duela.

1930eko hamarkadan girotuta dago filma. Beren bizitza problematikoa atzean utzi nahian, bi anaia biki (Michael B. Jordan) jaioterrira itzuliko dira, Mississippira, zerotik hasteko asmoz. Blues musikako emanaldiak eskaintzen dituen gaueko klub bat irekitzea dute helburu, baina berehala mehatxu bati aurre egin beharko diote. Kontakizuna sinbolismoz eta gizarte kritikaz betetako narratiban murgilduko da ordutik aurrera.

Filmak banpiroen mitoa metafora gisa erabiltzen du kultura jabetzeaz, arrazakeriaz, tradizioaz, sinesmenez eta bereziki pertsonaiek musikarekiko duten funtsezko loturaz mintzatzeko. Gai horiei indarra emateko Cooglerek maisuki uztartzen ditu hegoaldeko drama historikoa, folk horror-a, musikala eta bestelako generoak.

Arlo teknikoa aparta da. Hegoaldeko edertasun naturala istorio zapaltzailearekin alderatzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da Autumn Duralden argazkilaritza lana.

Soinu bandak —eta, oro har, musikak— aipamena merezi du. Musika munduen arteko zubi gisa irudikatzen da filmean, eta funtsezko eginkizuna betetzen du atmosferaren eraikuntzan eta pertsonaien garapenean, batez ere bluesak. Tarte musikalak gozamen hutsa dira; garai desberdinak gurutzatzen dituen klubeko sekuentzia, esaterako, zoragarria da.

Aktore guztien lana oso ona da, baina ez da inor bereziki nabarmentzen; tarte musikaletako eszenetan salbu, antzezpen lana ez da filmeko alderdirik deigarriena.

Amaiera gazi-gozoa baina indartsua du filmak: gehiegikeriaz eta odolez betetako katarsia da, anarkikoa bezain dibertigarria, eta argi uzten du munstro guztiek ez dituztela zertan letaginak izan.

Amaieraz ari garela, despeditzeko unea da; izan ere, ikasturteko azken zutabea duzue honakoa. Gozatu udaz eta —spoiler txiki bat— irailean bueltan izango naiz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.