Biziki zaila iruditzen zait dolua fikzioaren bidez jorratzea, baina The Thing with Feathers filmak ausardiaz heltzen dio gaiari. Narratiboki gorabeheratsua bada ere, ikuslea barren-barrenetik astintzen du, eta emozioen labirinto ilun batean murgildu. Batzuentzat esperientzia lazgarria izango da; beste batzuek, ordea, erritmo geldo eta errepikakorraren aurrean asperdura senti dezakete. Filmin plataformara iritsi berria da eta, onerako zein txarrerako, inor axolagabe utziko ez duen proposamena da.
Lanak doluaren paisaia psikologikoan barneratzen gaitu. Emaztearen bat-bateko heriotzaren ondorioz, aita bat (Benedict Cumberbatch) errealitatearen kontrola galtzen hasten da. Bere bi seme txikiekin bizi den apartamentuaren zoko ilunetan, itxuraz gaiztoa den izaki bat —bele erraldoi bat— agertzen zaio, eta hortik aurrera errealitatearen eta irudimenaren arteko muga lausotzen hasten da.
Filmak egitura zatikatua erabiltzen du minaren eta nahasmenaren egoera mental eta emozionala erreproduzitzeko. Istorioa kapitulutan banatzen da, eta bakoitzak doluaren ertz desberdin bat erakusten du. Hautu narratibo horrek doluaren izaera ez-lineala islatzen du; olatuen moduan fluktuatzen, kateatzen eta errepikatzen da.
Dylan Southern hasiberriak zuzendaritza neurtua baliatzen du kontakizuna garraiatzeko. Beldur psikologiko garaikidearen eragina nabarmena da, kanpokotasuna, isiltasuna eta sugestioa lehenesten baititu zuzeneko inpaktuaren gainetik. Formalki, 4:3 formatua aukeratu du, eta horrek klaustrofobia-sentsazioa areagotzen du, espazioaren mugak pertsonaiaren barneko itolarriarekin uztartuz.
Cumberbatchen antzezpena, ohikoa duen bezala, bikaina da, bizia eta ñabartua. Dolua jasaten duen aita baten mina, errua eta zaurgarritasuna modu sotilean baina intentsitate handiz gorpuzten ditu.
Hala ere, istorioak batzuetan urruntasun sentsazioa eragiten du, eta metafora zenbaitetan gehiegi errepikatzen da. Sinbolikoaren, beldurraren elementuen eta eremu domestikoaren arteko trantsizioa, une batzuetan, malkartsua gertatzen da.
The Thing with Feathers filmak argi-ilunak dituen arren, erantzun errazik ematen ez duen proposamen ausarta da. Sinbolikoaren eta poetikoaren aldeko apustua laudagarria da, ikuslearen interpretatzeko gaitasuna aktibatzen duelako.