gaizka izagirre
Ekografiak

Bellocchio

2026ko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marco Bellocchio Europako zinema garaikideko ahotsik berezienetako bat da, denboraren kontra doan begirada bat, iraganaren zaurietan pausatzen dena. Diavolo in corpo, Vincere, Il traditore eta Rapito bezalako lanen egilea izanik, bere zinemak historia eta intimitatea uztartzen ditu, betiere giza kontraesanen ertzean. Oraingoan, ordea, pantaila txikira egindako jauzian murgilduko gara, berak zuzendutako bi telesailen bidez.

2022an Esterno notte aurkeztu zuen, Italiako historian iltzatuta geratu den itzal luze bati begira: Aldo Mororen bahiketa. 1978ko Italian girotuta dago telesaila, eta herrialdearen azken urteetako gertakari garrantzitsuenetako bat azaltzen du; Brigada Gorriek (1969an sortutako Italiako talde armatu komunista) Moro bahitu zutenekoa. Mendebaldeko herrialde baten historian lehen aldiz, alderdi komunista batek babestutako gobernua boterera iristear dago. Eta Kristau-demokraziarekiko aliantza historiko bati esker gertatuko da hori. Aldo Moro, presidentea, akordioaren aldekoa da. Inbestidura-egunean, ordea, Moro bahituko dute. Oihartzun handia izan zuen gertaera hark herrialdeko bizitza politiko eta sozialean.

Kontakizunak ez dio denbora-lerro soil bati jarraitzen, begiraden mosaiko bat eraikitzen du. Atal bakoitza ahots bat da, ikuspegi bat, egia zatika agerian uzten duen ispilu hautsi bat balitz bezala.

Aurten, Portobello-rekin itzuli da Bellocchio, HBO Max plataformarentzat italieraz egindako lehen ekoizpena da, eta Enzo Tortora telebista aurkezlearen auzia du ardatz. Tortorari Camorra erakunde kriminaleko kide izatea egotzi zioten, narkotrafikoarekin lotuta. Froga ahulak zeuden, ordea. Telesaila 1982. urtean girotuta dago.

Osagai horiekin guztiekin, Bellocchiok telesail berezi eta mamitsua osatu du. Lehen lerroan jartzen du sistema judizialaren hauskortasuna eta iritzi publikoa akusazio-auzitegi bihurtzeko duen erraztasuna, baita froga sendorik ez dagoenean ere. Serieak memoria historikoa eta kritika soziala uztartzen ditu, komunikabideek bizitza publikoan duten eragina aztertuz.

Esterno notte eta Portobello Italiako historiaren pasarte mingotsak berriro arnasten dituzten pieza konplexuak, barrokoak eta sakonki gizatiarrak dira. Biak ala biak, berezko nortasuna duten lan oso gomendagarriak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA