benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Benetan nabil

2025eko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pantailaldi bete-betean aitortu beharra dut hau. Eta barkatu nazatela Aitziber Grados eta Malen Altunak. Hor doa ba. Azken hilabeteotan deskubritu dut Benetan zabiz? bideopodcast bikaina. Berandu iritsi naiz honetara ere. Algoritmoak bazekien gustuko izango nuela, gomendioen artean baitzegoen nire begien aurreko pantailetan. Hori bai, lehen aldiz haien elkarrizketa bat ikusi nuenetik, interes handiarekin jarraitzen dut haien lana.

Ari nintzen ba, oso gustura ikusten Julen Goldarazenarekin (a.k.a FlakoFonki) grabatu duten solasaldia. Eta bat-batean gertatu da. Musikak eta sorkuntzak hartuko duten bide berri baten lehen printzak ikusi ahal izan dira solasaldian. Ezin nuen sinistu nire begien aurrean gertatzen ari zena. Ez nabil brometan. Bueno, agian hype gehiegi ematen ari natzaio gertaerari. Baina jarrai dezagun.

Zer gertatu da ba? Aitziber hasi da goraipatzen Iruñeko musikariak sortu duen abesti berria, kriston temazotzat jo du. Ondoren, FlakoFonkik azaldu dio nola izan den abestiaren sortze prozesua: adimen artifizial sortzailea erabili du kantua egiteko. Danba!

Azal ditzagun sortze prozesu horren pausoak. Julenek abestiaren letrak idatzi ditu lehendabizi. Ondoren, AAri eskaera egin dio estilo berezi batean abestia sor dezan. Gero, abesti sintetikoari ahotsa ezabatu dio. Hurrengo pausoa izan da ahots erreala grabatzea. Azkenik, ahots hori nahastu egin du AAk sortutako musikarekin, eta elkarrizketan entzun daitekeen azken emaitza lortu.

Eztabaidatu dezakegu adimen artifizial eredu horiek nola sortu diren, zein daturekin entrenatu diren, zenbat energia xahutu den, AA sortzaileak arteari ekarriko dion balizko ekarpenaz, benetakotasunaz eta bestelako gaiez. Baina egoera berri honetan, inoiz baino gehiago nahastuko da adimen naturala bestelako adimen motekin.

Nor gara gu? Zer gara gu? Gaztetan Ramones taldearen erritmoa eta lau akordeak kopiatzen saiatzen ginenak gara gu. Horrela ba, Euskal Herrian hasiera eman zaio ofizialki garai berri bati: adimen artifizial sortzailea euskal musika herrikoiaren lanabesa bihurtu zeneko aroari. Benetan nabil.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.