Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Bermeotik

2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nork ez du utzi dieta hasteko eguna, kirolari ekitekoa edo oposizioetarako gaitegiari heltzekoa hurrengo astelehenerako? Izan ere, ematen du proposamen berriak astearekin bat abiatzeak baduela logika, eta ez, esaterako, ostegun batean abiatzeak. Aurten, irailaren 1a astelehena izan da, eta horrek errazten du ikasturtea fundamentuz estreinatzea. Baita nagiak lehenengo egunetik astintzea ere, ia egokitzapenerako paradarik gabe.

Eta irailarekin batera, irratietako ohiko ahots gehienak itzuli dira dagoeneko, baina, oraindik horien berri ez badugu ere, denboraldi berriak programazioetan eta podcastgintzan estreinaldiak ekarriko ditu, eta hurrengo asteetan iragarriko dira. Gaur, bada, udak utzi digun opariarekin nator, Bermeoko Itsuki herri irratiaren itzulerarekin, alegia. Urritik aurrera programazioa finkatu nahi badute ere, dagoeneko iraileko proposamena iragarri dute beren webgunean: lehenengo bi asteetan, herriko talde eta erakundeen ordezkariekiko elkarrizketek osatuko dute programazioa; eta bigarren hamabostaldian, berriz, irrati zaharrean emitituriko une bereziak eskainiko dituzte. Eguerdi partean, berriz, Bizkaia Irratiaren seinalea eskaintzen dute.

2024an jakin genuen Kostarri kultur elkarteak eta udalak akordioa egin zutela Itsukiren seinalea berreskuratzeko, eta urte honetan horretan ibili dira bai irratiko arduradunak zein herriko talde eta norbanakoak. Lan handia izan dute estudioak atontzeko eta tresneria berreskuratzeko, bideo labur batean jaso duten moduan. Eta lortu dute. Bidean uste baino oztopo gehiago izan zituztela jakinda, poz handia hartu nuen Bermeoko sanrokeetan saio berezia eskainiko zutela esan zidatenean. Horri beste elkarrizketa batzuek jarraitu diote —Youtuben—, eta ziur nago egun hauetan ospatzen ari diren jaietan ere murgilduko direla. Hori baita tokiko komunikabide baten balio nagusia, herriko ahotsa izatea hain zuzen. Bertako euskara, kultura eta pertsonen kontakizunak jaso eta zabaltzen dituzten bitartean, deialdi berezia egin dute Itsukikoek munduan zehar dauden bermeotarrak ezagutzeko eta Bermiotarrak edonon saiora gonbidatzeko, eta badakit jakin beste hainbeste proiektu prestatzen ari direla, izugarrizko menua osatu arte; ondare historikoa formatu berritzaileekin aberastuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.