Netflix gabe egon gara etxean urte erdiz-edo, eta, plataformara itzuli garenean, ikusi gabe genituen edukiei heldu diegu ezer baino lehen. Horien artean, Jeffrey Dahmer Milwaukeeko kanibalari buruzko true crime-a. Hasieran gordinegia egin zaidan arren, gustura eta jakinguraz irentsi ditut kapitulu guztiak. Zerbait interesgarria ikusi eta ikasi dudalako zaporea utzi dit ondo landutako telesailak; AEBetako historiaren kapitulu latz horrek eragindakoak neutraltasunez eta errespetuz erakusten direla iruditu zait, eta Dahmer beraren soslaia errazkerian erortzen ez den pertsonaia baten gisa aurkezten dela. Sortzaileek hiltzailearen biktimei behar duten lekua uzteko saiakera egin dutela ere etorri zait burura, azken atalaren kredituak ikusten ari nintzela.
Bitxia izan da nola patuak —edo ikusteke ditugun edukien zerrendak— egin digun Dahmer bukatu era berehala Black Mirror-en azken denboraldia ikustea. Hor tartean, noski, denboraldi horretako bigarren atala, Loch Henry; nire ustean, azken labekadatik ateratako bikainena. True crime-aren kulturaren kontrako kritika fin eta zorrotza egiten du, hain zuzen, ordu pasatxoko kapitulu honek.
Atal hura ikusi eta segidan errudun sentitu naiz. Zeren gogoratu naiz Dahmer-ez, Unbelievable-z, American Crime Story-z, The Staircase-z, baita azken urteetan atera diren Alcasserko neskei, Marta del Castillori eta Rocio Wanninkhofi buruzko dokumental espainiarrez ere. Gogoratu dut zein moralki garbia sentitu naizen horiek denak ikusi eta gure sistema judiziala kaka bat dela pentsatu dudanetan, bertan ikusitako ankerkeriek nire sofatik mundu zuzenago baten aldeko aldarria egitera eraman nautenean. Zein erraz ahazten dugun bertan ikusten dugun horrek benetazko jatorria duela, tartean hezur-haragizko pertsona batzuk dituela eta, hura guztia gogoratu baino gehiago, ziurrenik, iragan ahalik eta urrunenean lurperatu nahi dutela. Loch Henry ikusi eta berehala, Dahmerren telesailaren ondorioz horren biktimen familiek egindako salaketen inguruan irakurtzen jarri naiz; eta tripak nahastu zaizkit. Haien lekuan jarri, eta dena ulertu dut. True crime-aren fana izanda ere, serioski aztertu beharreko beharreko gaia dela iruditzen zait. Black Mirror-ek beti asmatzen du.

EKOGRAFIAK
Beti asmatzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu