Sara Azurza
Ekografiak

Bi aste, abuztuan

2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abuztuaren amaierarekin batera dator iraila. Udako azken egunak dira, eta berriro agurtzen zaitut, irakurle. Gaur beste ikasturte bati ekingo diogu, eta Gaizka Izagirrerekin batera, aurten ere film eta telesailen inguruan arituko gara Ekografiak atalean. Eman diezaiogun hasiera!

Uda aipatu dut, baita abuztuaren amaiera ere, eta gaurko telesailak udako azken printzak pixka bat gehiago luzatzeko aukera emango dizu. Two Weeks in August Movistar Plusen ikusgai dagoen telesaila da, eta 2026ko maiatzean estreinatu zen Erresuma Batuko BBC One katean. Greziako irla txiki bat, aspaldiko lagun talde bat eta mitologiaz zipriztindutako amodio-korapiloak uztartzen dituen lana da.

Zoe, protagonista, bizitza osoan izan da «ona»: besteak zaintzen dituena, amore ematen duena, ingurukoei sostengu emozionala eskaintzen diena. Ama, emazte, alaba eta lagun eredugarria izanik, bere beharrak erreprimitzen ikasi du, haien atzean ia desagertzeraino. Familiarekin berriz konektatzeko eta bere buruaren zati bat berreskuratzeko itxaropenarekin, Greziara joango da oporretan, aspaldiko lagunekin batera. Baina paradisuan ere ezinezkoa izango da norberarengandik ihes egitea.

The White Lotus-en antzera, oporraldi idiliko baten atzean pilatzen diren hondamendi txiki eta handiei begira jartzen gaitu. Heldutasunaren, desiraren eta identitatearen erretratua egiten du. Horretarako, hazten doazen giro itogarriez baliatzen da helduen heldugabetasuna aztertzeko, eta ondo erakusten du itxurakeriek, sekretuek eta erabaki txarrek ingurukoengan —bereziki, adingabeengan— izan ditzaketen ondorioak. Lagunarteko faltsukeriak eta klase sozialen arteko aldeak ere agerian geratzen dira paradisuzko paisaia horren atzean.

Batzuetan topikoetan erortzen da, eta amaiera ahul samarra du. Gainera, Greziako mitologiarekin eta istorioaren alderdi mistikoarekin egiten dituen keinuak kontuan hartuta, bide horretan gehiago sakontzea gustatuko litzaidake; agian, halako elementuek bereziki erakartzen nautela ere aitortu behar dut.

Hala ere, uda amaitzeko entretenimendu ona da: oporraldi perfektuaren azpian ezkutatzen diren arrakalak, sekretuak eta desioak azaleratzen dituen istorioa. Azken batean, Two Weeks in August The White Lotus-i emandako erantzun britainiarra dela esan genezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA