urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Bi begi, min bat

2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txileko iparraldea, basamortua, 1980ko hamarkada. Kantina bat. Han bizi dira trabesti batzuk. Haiei animalia ezizena jarri zien Mama Boak (Paula Dinamarca) bere garaian. Han, etxeko atarian, ume bat utzi zuten abandonatuta. Flamencok (Matias Catalan) hartu zuen beretzat: Lidiaren ama bihurtu zen. Baina ez da paraje horietan dena urre. Meatzari batzuk mesfidati dabiltza, oldarkor. Sinistuta daude trabesti baten begirada baten pozoiak kutsatu egin dituela. Kontua da hiesaren izurritearen errudun baten bat bihurtu behar dutela. Hori ez da dena. Bakardadeaz, laguntasunaz eta maitasunaz ere ari da La misteriosa mirada del flamenco filma (Diego Cespedes, 2025).

La misteriosa mirada del flamenco filma
'La misteriosa mirada del flamenco' filmaren fotograma bat. BTEAM

Pelikula ederra da, oso, Cespedesek zuzendutako opera prima. Sentibera eta sentsoriala. Jaione Camborda donostiarraren O Corno film oso fisikoa zen bezala, beste ikuspegi oso desberdin batetik landuta, baina La misteriosa mirada del flamenco-n arnasa arnastu egiten da, haizea entzun egiten da, kantinako egurrak ukitzen dira, urak busti egiten du, begiek begietara begiratzen dute, eta sentimenduak sentitu egiten dira. Lortzen du filmak ikusleek pertsonaiekin enpatizatzea, eta ez da hori gaur egungo zineman beti gertatzen den zerbait. 

Ez du filmak genero jakin batean kokatzeko ezer behar. «Western modernotzat» jo dute, hor nonbait. Eta drama bat da istorioaren parte handi batean. Baina zein samur eta zein fin, lortzen du beste une batzuetan komediara jauzi egitea. Edo hobe esanda, komedia bat izan gabe, pertsonaien samurtasunek eta egoera jakin batzuek eragiten dute ikuslearengan irribarre gozo bat. Errealismo magikoarekin lotu daitekeen eszena txukun bat ere badu, mutil baten off-eko ahots sarkorraz lagunduta.

La misteriosa mirada del flamenco filma
'La misteriosa mirada del flamenco' filmaren fotograma bat.

Gidoia Cespedesena berarena da; oro har, oso ondo dago. Ez du artifiziozko bira handirik behar istorioak bere bidean aurrera egin dezan. Ezusteko polit bat ere badu gordea, baina gehiegikeria narratiboetan murgildu gabe. 

Frantzia, Txile, Alemania, Belgika eta Euskal Herria herrialdeen arteko koprodukzioa da La misteriosa mirada del flamenco —Irusoin (Gaua, Maspalomas...) dago ekoizleen artean—. Iaz, Cannesko zinema jaialdian film onenaren saria eman zioten Un Certain Regard sailean. Gazteriaren Saria ere jaso zuen Donostiako Zinemaldian. Iritsi ahal zaizkio sari gehiago. Herenegun estreinatu zuten Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan, eta karteldegian dauden lan gomendagarrienen artean sartu behar da derrigor. Zer pentsatua eta zer sentitua emango dizue.

La misteriosa mirada del flamenco filma
Tamara Cortes, 'La misteriosa mirada del flamenco' filmean. BTEAM

Linklaterren umore fina

Hego Euskal Herriko zinema aretoetara heldu da Richard Linklater AEBetako zinemagilearen Nouvelle Vague filma ere —aurretik Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aretoetan ikusi ahal izan zen—. Iazko Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuten lan hura ere, baina Sail Ofizialean, eta beste jaialdi batzuetan ere egin du bere bidea. Kontua da zinema maite dutenentzat gozoki oso gustagarria dela Linklaterren filma. Han ageri dira Frantziako zinema korronte berritzaileko pertsonaiak: Jean-Luc Godard, François Truffaut, Claude Chabrol, Agnes Varda, Jean Cocteau, Eric Rohmer, Jacques Rivette... Eta, gero, À bout de souffle (1960) klasikoaren filmaketa eroan murgiltzen da pelikula, eta nola ez, han dira Jean Paul Belmondo eta Jean Seberg aktoreak —Zoey Deutchek Seberg bera dirudi—. Zinemaren ospakizun handi bat da, funtsean, Nouvelle Vague, umorez eta graziaz pantailara eramana. Zuri-beltzean.

Nouvelle Vague filma
Richard Linklater zinemagilearen 'Nouvelle Vague' filma. BERRIA

Halako lanek, bestalde, aukera ematen dute À bout de souffle bezalako harribitxiak berpizteko. Godarden lan fundazionala datorren ostiralean zenbait zinema aretotan jarriko dutela iragarri dute. Baina inguruan ez bada halakorik, Filmin, Movistar Plus eta FlixOle ordainpeko streaming plataformetan ikus daiteke.

Berriki aretoetan izan du Linklaterrek beste pelikula bat: Blue moon. Bi hautagaitza iza ditu Urrezko Globoetarako, nahiz eta saririk ez jaso. Hala ere, Ethan Hawke aktorea Oscar sariko hautagaien artean sar daitekeela ezin da baztertu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA