urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Bi jaialdi Donostian errenkadan

2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

«Konturatu nintzen aitaren istorioa kontatzeak on egiten zidala niri, eta on egiten ziola kontatzen nionari ere». Hunkituta hitz egiten du Tamara Muruetagoienak kameraren aurrean Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumental bikainean. Haren aita Esteban Muruetagoiena izan zen. Ondarroan (Bizkaia) jaio zen, mediku lanetan zebilen, eta emaztearekin eta alaba txikiarekin bizi zen Oiartzunen (Gipuzkoa). 1977an, ETAko komando bat iritsi zen haien etxera, kideetako bat balaz zaurituta zegoelako; ETAkoek etxetik irten gabe atxiki zituzten han medikuaren emaztea eta alaba hainbat egunez. Handik bi urtera, lehen aldiz atxilotu zuten medikua. 1982ko martxoan, Guardia Zibilak medikua atxilotu zuen, eta bederatzi egunetan tortura gogorrak egin. Aske utzi eta hiru egunera hil zen Muruetagoiena, tortura basatien eraginez.

'Indarkeriaren oi(h)artzunak' dokumentala. Argazkian, Tamara Muruetagoiena. Zuzendariak: Ander Iriarte eta Amaia Merino.
'Indarkeriaren oi(h)artzunak' dokumentala. MIROKUTANA

Dokumentalean, egiaren aitortzaren bila dabil Tamara. Argiaren bila, argitasunez, argi distiratsua zabalduz bere bizitzaren kontakizunean, eta Adur Larrearen marrazki animazio ederrekin.

Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentalaren trailerra.

Apirilaren 13an estreinatu zuten dokumentala, Viktoria Eugenia antzokian, Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian; Publikoaren Saria eta Amnesty Internationalen aipamen berezia jaso zituen. Amaia Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako film horrek ikuslearengan sorrarazten dituen sentimenduak hitzekin azaltzea ez da erraza. Dokumentala ez da memoria historikoaren pieza bat gehiago, edo ez hori bakarrik. Zirrara eragiten duen film bat da, begi batzuk zabaldu ditzake, eta Muruetagoiena sendian egiaren erreparazioan lagun dezake. Bide luzea egin dezala.

Jaialdi berean, apirilaren 20an, Andrea Jaurrietaren Nina fikziozko film luzea ikusi ahal izan zen. Patricia Lopez Arnaiz aktoreak jokatzen du rol nagusia, eta interpretazio oso txukuna egiten du. Ezerosoa da pelikula ikuslearentzat. Ezinegona eragiten du gizon heldu batek eta 15 urteko neska batek duten harremanak. Eta filma ez da guztiz biribila, baina baditu osagarri onak; Zeltia Montesen musika, esate baterako. Filma maiatzaren 10ean iritsiko da zinema aretoetara.

'Nina' filma.
Patricia Lopez Arnaiz aktorea, Nina filmean. BERRIA

Lopez Arnaizen gisan, ari dira Euskal Herrian emakumezko aktore on asko lan interesgarriak egiten. Adibidez, Crossover jaialdian aurkeztu duten Las largas sombras telesailean oso fin dabiltza Marta Etura eta Itziar Atienza. Clara Roquet Kataluniako zinemagileak zuzendu du telesail hori, eta maiatzaren 10ean estreinatuko du Disney Plus plataformak. Fikzioa beti da fikzio, baina telesail horretan gertatzen diren hainbat kontuk zalantza sortzen dute; esaterako, polizia batek bere ahizparen hilketa ikertzea, eta horrekin arazorik ez izatea. Poliziaren prozedurek nekez onartuko lukete agente batek haren senide baten hilketa ikertzea. Edozen modutan, interes handiz jarraitzen zaio Las largas sombras-en istorioari —Elia Barcelo idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta—. Eta Roqueten ibilbideak itzal luzea utziko duela agerikoa da.

Las largas sombras telesailaren trailerra.

Annette Benning aktorea

Emakumezko aktore onekin jarraituz, Annette Benning AEBetako aktorea ekar daiteke lerro hauetara. Antzerkian trebatu zen lehenbizi, 30 urterekin zineman hasi zen arte —lau aldiz izan da hautagaia Oscar sarietan—. Telesailetara orain egin du jauzi, Apples Never Fall lanaren bitartez. Gozamena izan zen hilaren 23an Crossover jaialdian telesail horren lehen atala Tabakalerako pantaila handian ikustea. Sky Showtime plataforman bigarren eta hirugarren atalak ere ikusgai daude. Misterioz eta etengabeko flashbackez beteta dago istorioa —Liane Moriartyren bestseller batean oinarrituta—. Sam Neill ere ageri da telesail dramatiko horretan, eta beste aktoreak ere txukun dabiltza. Baina gauza bat argi dago: interpretazioaren señora handi bat izaten jarraitzen du Benningek. Haren distira ez da batere apaldu.

Annette Benning aktorea da 'Apples never fall' telesaileko protagonista.
Annette Benning aktorea, 'Apples Never Fall' telesailean. PEACOCK

Ikus-entzunezkoak gogoko dituzten herritarrentzat ez dago batere gaizki Donostiako udaberriko eskaintza: bi astez errenkadan egin dituzte Giza Eskubideen zinema jaialdia eta Crossover telesailen jaialdia. Datorren urteko udaberrian, gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.