Zinema

Torturatuen aitortzaren bila

'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' dokumentala estreinatuko dute larunbatean Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian. Esteban Muruetagoienaren hilketa jorratzen du lanak, haren alaba Tamara Muruetagoienaren hitzak oinarri hartuz.

Amaia Merino eta Ander Iriarte, 'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' dokumentaleko zuzendariak, atzo, Donsotian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Merino eta Ander Iriarte, 'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' dokumentaleko zuzendariak, atzo, Donsotian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

1982. urtean hil zen Esteban Muruetagoiena, Guardia Zibilak bederatzi eguneko atxiloaldi baten ostean aske utzi eta hiru egunera. 42 urteren ondoren, haren alaba Tamara Muruetagoienak oraindik ez du jaso Poliziaren torturen biktima delako errekonozimendurik, eta hori bera irudikatu nahi izan dute Amaia Merinok eta Ander Iriartek Indarkeriaren Oi(h)artzuna dokumentalean. Larunbatean estreinatuko da ikus-entzunezko lana, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian. Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan.

Lehenagotik ere landu izan dute Euskal Herriko gatazka Merinok eta Iriartek. Horren adibide garbia da Karpeta urdinak dokumentala, Iriartek zuzendutakoa eta Merino edizio lanetan ibilitakoa. «Karpeta urdinak lanean tortura jorratu genuen, baina Indarkeriaren Oi(h)artzunak desberdina da. Lan honetan Tamararen bidea erakutsi nahi izan dugu, torturaren biktimaren errekonozimendua lortzeko bidea», azaldu du Iriartek. Horrez gain, Non dago Mikel? dokumentala ere zuzendu du Merinok aurrez.

Tamara Muruetagoienaren testigantza da dokumentalaren oinarria. Kameraren aurrean, plano ertain batean, eserita ageri da Muruetagoiena, eta haren hitzetatik dator dokumentalean kontatzen dena. «Tamarak ideia kontatu zigunean, dokumentala nola egituratuko genuen pentsatzen hasi ginen. Hainbat pertsonarekin hitz egiteko nahia sortu zitzaigun. Baina Tamararekin egon ginenean eta kamera hasi zenean grabatzen, konturatu ginen hura eta haren istorioa izan behar zirela lanaren oinarria», esan du Iriartek. Merinok «oso hunkigarritzat» jo du filmaketa. «Hasieran animaziozko film labur bat egingo genuela akordatu genuen Oiartzungo Udalarekin, baina, Tamararen hitzen indarra ikusita, argi izan genuen dokumental bat egin behar genuela», erantsi du.

Tamara Muruetagoienaren hitzez gain, beste bi protagonista handi ditu ikus-entzunezkoak. Alde batetik, Adur Larreak eginiko ilustrazioek irudikatzen dute Muruetagoienak kontatzen duena. «Dokumentalen erronka handienetariko bat da irudikaezina dena nola irudikatu erabakitzea. Guk Adurren lana ezagutzen genuen, eta harekin lan egiteko erabakia gailendu zen», azaldu du Merinok. Horrez gain, zuzendariak gehitu du Larrearen lana «garbia» eta «gardena» izanda «oso ongi» irudikatzen duela Muruetagoienak kontatutakoa, eta ikusleek istorioarekin enpatizatzeko laguntza handia dela.

Bestalde, Eva Forest idazle eta aktibistak grabatutako zinta batzuk agertzen dira dokumentalean. Zinta haien bidez garai hartako testigantzak jaso dituzte, Esteban Muruetagoienaren autopsiaren eta tortura egunen ostean zuen egoeraren lekuko izan zirenak. «Garai hartako protagonisten ahotsetatik istorioa entzutea beste norbaitek kontatzea baino hobea da», esan du Merinok. Iriartek Foresten figura goraipatu du: «Eva Forestek Euskal Herriko giza eskubideen urraketen inguruan egindako lana ikaragarria da. Informazio asko bildu zuen, eta beste hainbat gauzatarako erabili ahal izan dira. Herri honek monumentu handi bat zor dio Foresti». Horrez gain, Jonathan Martinez kazetariak egindako lana ere aipatu dute, hark egindako ikerketa baliozkoa izan baita dokumentala aurrera eramateko.

Bi zati identifikatu ditu Iriartek dokumentalean. Alde batetik, Esteban Muruetagoienak eta haren familiak jasandako pasarteak, hala nola ETAk familia haien etxean bahitu zituenekoa, edo Esteban Muruetagoienak jasandako bi atxiloketak, bigarrena tortura bortitzez beterikoa. Beste aldetik, Tamara Muruetagoienak errekonozimendua lortzeko egin duen eta egiten ari den bidea. Tamara Muruetagoienak bere bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu dokumentalean, azalduz zer eragin izan duen bere aitaren hilketak haren ibilbide profesional eta pertsonalean. 

Aitorpena, gertuago

Esteban Muruetagoiena bigarren aldiz atxilotu zuten 1982an, eta, lehenengoan ez bezala, Madrilera eraman zuten. Bertan, bederatzi egunez jarraian torturatu zuen Guardia Zibilak. Iriartek azaldu duenez, garai haietan, Poliziak norbait begitan edukiz gero buru-belarri jazartzen zion pertsona horri, helburua lortu arte. Gainera, gehitu du horrelakoa izan zela Esteban Muruetagoienaren kasua. «Hasi gara tortura kontzeptu moduan aitortzen, baina oraindik ez zaie errekonozimendurik egin biktima konkretuei. Euskal Herrian milaka pertsona daude estatuak sortutako kontragerra baten ondorioz torturatuak izan zirenak, eta haiek aitortzea lortu behar da», adierazi du Iriartek.

Errekonozimenduaren bide horretan, Iriartek argi du Non dago Mikel? dokumentalak eragin handia izan zuela. Dokumentalaren ostean Euskal Herriko torturatuen sarea sortu zen, eta Iriartek uste du dokumentalak «txinparta» bat sortu zuela jendearengan. Dokumental horren moduan, zuzendariek espero dute Indarkeriaren Oi(h)artzunak lanak beste hainbeste eragitea. 

Tamara Muruetagoienaren hitzak entzuteko aukera izango da larunbatean, dokumentala estreinatu ostean egingo den solasaldian. Bertan egongo dira Iriarte, Merino, Tamara Muruetagoiena eta Juana Balmaseda, giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimen aitorpenerako balorazio batzordeko presidentea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.