Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Bigarren aldiz

2023ko martxoaren 08a
00:00
Entzun
Zure bizitzako pasarteren bat berriro bizi ahal izango bazenu, errepasatzerik bazenu xehetasunik zehatzeneraino, zein aukeratuko zenuke? Pertsona berezi hura ezagutu zenuenekoa? Amonaren azken hitzak? Bikotekidearen autoaren giltza—auskalo non!—galdu zenuen egun hura? Ariketari ekin badiozu, alferrik estutu duzu zure buru nekatua. Lehen zita kaskar baterako ere indarrik gabeko galdera da. Ez duzu itzultzerik izango, kito. Baina bada egin dezakezun beste zerbait, itzultzeko modukoa den iragan bat. Telesail bat berriro ikusi dezakezu.

Game Of Thrones den iragan ez horren urrunera bueltatu naiz ni. Ikusi gabe zuenari laguntzeko aitzakiarekin hasi zen kontua, baina honezkero ni naiz bietan «ikusiko dugu beste atal bat?» ahoskatzen lehena. Zortzi urte eta zortzi denboraldi luze iraun zuen telesailak, eta ez dakit zuenak, baina nire buruak behintzat, ezin ditu 6-7 kapitulu baino gehiago xehe gogoratu. Inor gutxi ase zuen amaiera gorabeheratsua da gordea nuen oroitzapen sendo bakarra. Lur berri bat lehen aldiz zapaltzea bezala izan da, horrenbestez, berriro ekitea. Baina abantaila batekin, badakit bidea non eta nola amaituko den.

«Zer gertatuko ote da?» galderak, distira handia egiten duenean, itsutu egiten gaitu. Bigarren mailako pertsonaiek edo dialogo osagarriek interesa galtzen dute; John Snow bizi den edo ez besterik jakin nahi ez duenaren begi-belarrietan, zarata hutsa dira. Spoiler guztien jabe izanda, aldiz, oso bestelakoa da bizipena: gozagarria da lehen kapitulutik bertatik gure begien parean zenbat informazio argigarri —eta oharkabean igaro zitzaiguna— zegoen konprobatzea.

Gidoilari sena duenarentzat derrigorrezko ariketa behar luke. Lehenengo ikustaldian idatzi dutenak baino azkarrago izatera jolasten gara: «Hau edo beste pasatuko da, ikusiko duzu», esanez ondokoari. Baina bigarrenean—eta ondo egindakoa baldin bada, behintzat— konplizitatezko harremana sor daiteke testuarekin. Zerbait sotilki esan nahi digun norbait antzematen da hor nonbait, atrezzo garesti eta aktore entzutetsuen atzean, guk harrapatuko zain. Hori bai, berriro ikusiagatik, 73 ordu luzeko telesaila izaten jarraitzen du. Kostatuko zait, aste batzuetan behintzat, «zer gertatuko da?» galdera pizten didaten edukietara itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.