gaizka izagirre
'Pantailen artetik'

Bigarren aukerak

2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskandinaviako zinema, oro har, eta Danimarkakoa, bereziki, oso ezaguna egin da Nordic Noir ekoizpen indartsuengatik. Baina, era berean, iruditzen zait bereziki trebeak direla familia harremanetan oinarritutako drama intimistetan. Horren adibide da Movistar Plus plataformara heldu den Begyndelser.

Zuzendaria Jeanette Nordahl da, 2020ko NĂ¥r støvet har lagt sig telesail bikainaren zuzendarietako bat; biziki gomendatzen dut telesail hori. Kopenhageko jatetxe batean gertatzen den atentatu bati buruzko kontakizun gordina da. Atentatu horrek Kopenhage hiria astindu ondoren, jatorri eta lanbide ezberdinetako zortzi pertsonaren bizitzak gurutzatu egingo dira. Eraso hori gertatu eta egun desberdinetan garatzen da istorioa.

Begyndelser filmera itzuliz, Ane eta Thomas senar-emazteak dira protagonistak; aspaldi hartu zuten banantzeko erabakia, baina bi alabei kontatzeko une egokia noiz iritsiko zain daude. Bitartean, ohiko bizimoduarekin jarraitzen dute. Halako batean, garuneko koagulu batek Aneren gorputzaren erdia paralizatzen du, eta, ezbehar horren ondorioz, guztia atzeratzea erabakitzen dute, Anek zainketa bereziak behar dituelako.

Istorioak osagarri guztiak zituen drama negar-eragile manipulatzaile bat izateko, baina zorionez ez da halakorik gertatzen; Nordahl zinemagile daniarrak abiapuntu horretatik familia-drama sotil eta errealista bat eraiki du, neurriz eta zuhurtziaz harilkatua. Narratiba patxadatsua, baina hunkigarria du oinarri. Familia-loturak eta emozioen ñabardurak sentiberatasunez erretratatzen ditu, sentimentalismo merkeak eta klixe narratiboak une oro saihestuz.

Trine Dyrholm eta David Dencik aktoreek jokatzen dituzte bi protagonisten rolak, eta antzezpen-lan zoragarria egiten dute, bereziki Dyrholmek.

Estimatzekoa da zuzendariak ordu eta erdian ongi eraikitako istorio bat azaltzeko duen gaitasuna. Hala ere, zenbait jauzi narratibo azkarregi gertatzen dira, eta hari batzuk solte geratzen dira, behar bezala lotu gabe. Horrek kalte egiten dio pertsonaien garapenari. Filma une oro eremu sotilean mugitzen da, baina amaiera, presaz hartutako erabaki narratibo baten ondorioa da.

Bigarren aukerei buruzko gogoeta indartsua plazaratzen du; pitzatzen diren baina berriz konpon daitezkeen loturez diharduen drama gomendagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA