«Gizonezko batek zuzendu duela dirudi», esan ohi dute (gizonezko) askok Kathryn Bigelowk film bat aurkezten duen bakoitzean. Baina akzioa eta tentsioa gizonezkoen eskutik soilik etor daitezkeela dioen argudio zaharkitu hori gure garaiko klixe matxistetako bat besterik ez da.
Kontuak kontu, Detroit bikaina estreinatu eta zortzi urtera, zuzendaria film berri batekin itzuli da: A House of Dynamite. Jatorri ezezaguneko misil bat AEBetara bidean doala, erlojupeko lasterketa bati egin behar dio aurre Etxe Zuriak: erantzulea identifikatu eta erantzun egokia topatu, berandu izan baino lehen. Thriller politiko horrek mehatxu nuklear garaikide bat aztertzen du, begirada errealista eta tentsioduna erabiliz.
Lehen begiratuan, mehatxu nuklearrei buruzko ohiko zinema yankia gogoraraz lezake premisak, baina zuzendaria errotik urruntzen da klixe horietatik. Bere ikuspegiak suspense lehor eta zorrotzaren bidea hartzen du: akzioa keinuetan bilduta dago, moralki ezinezkoak diren erabakietan eta tentsioz beteriko elkarrizketetan, non etenaldi eta begirada bakoitzak edozein eztandak adina eragin dezakeen. Zinemagile gutxik dute Bigelowren trebezia tentsioa hain ongi josteko.
Bigelow, Noah Oppenheim gidoilariarekin elkartu da, eta zehaztasun teknikoa eta tentsio emozionala uztartzen dituen narratiba sortu du. Egitura narratiboak ezin hobeto funtzionatzen du: hiru segmentu ezberdinetan banatzen da, eta bakoitza ikuspegi batetik aurkeztuta dago. Ikuspegi horiek aukera ematen dute krisialdia modu desberdinetatik esperimentatzeko eta suspensea etengabe handitzeko.
Planteatzen duen gatazka unibertsala da, baina Bigelowk gaitasun aparta du dilema orokorretik pertsonaia bakoitzaren intimitatera igarotzeko. Guztien helburua mehatxua amaitzea bada ere, bakoitzak bere gatazka pertsonala eta familiarra du.
Muntaketa azkarrak eta plano itxien erabilerak berehalakotasun sentsazioa areagotzen dute; argiztapen leunak eta soinu diseinu minimalistak, berriz, filmaren tonu ilun eta errealista indartzen dute. Volker Bertelmannen musikak ezin hobeto bustitzen ditu irudiak, eta beste maila emozional batera eramaten du guztia.
Kathryn Bigelowk, zoritxarrez, film gutxi egiten ditu, baina bakoitzarekin uzten duen arrastoa iraunkorra da.