gaizka izagirre
'Ekografiak'

Bizilagun perfektua?

2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sara Azurzak gomendatu zuen dokumental bat aipatu nahiko nuke: The Perfect Neighbor. Dokumentalaren istorioa gertaera arrunt batekin hasten da: ume batzuk AEBetako auzo batean jolasean, Ajike Owensen emakumearen seme-alabak, Susan Lorincz izeneko bizilagunaren etxebizitzaren aurrean korrika eta barrezka. Baina Lorinczentzat zarata hura mehatxua zen. Beste testuinguru batean garrantzirik gabeko elkarbizitza eszena hutsala izango zena aurreiritziek, beldurrak eta intolerantziak markatutako harreman bihurtu zen.

Bi urtez baino gehiagoz, Lorinczek behin eta berriz deitu zion poliziari, ustezko jazarpen edo bandalismo gertakariak salatzeko. Agenteak behin baino gehiagotan agertu ziren auzoan, baina ez zuten aurkitu ez mehatxuen ez kalteen aztarnarik. Bizilagunek, berriz, ez zuten salaketarik babesten: «Haurrak jolasten ari dira, besterik ez», zioten.

Poliziek behin eta berriz erantzuten diete Lorinczen deiei, baina inork ez zuen eraginkortasunez esku hartzen. Gandbhirrek omisio hori azpimarratzen du: bitartekaririk, gizarte langilerik eta gatazka komunitarioetarako protokolorik ez dago.

Kexen pilaketak, erakundeen isiltasunak eta tentsio gero eta handiagoak zurrunbilo bat sortu zuten, eta zurrunbilo horrek, azkenean, tragedia ekarri zuen: Lorinczek Ajike Owens hil zuen, tiroka.

The Perfect Neighbor lanak gertaeren sekuentzia berreraikitzen du, baina ez edozein modutan: ez dago narratzailerik, ez elkarrizketarik, soilik errealitatearen soinu eta irudi gordinak. 911ra egindako deien grabazioak eta poliziaren gorputz kameren irudiak uztartzen dituen esperimentu narratibo ausart baten bidez. Dokumentalak true crime generoaren ohiko sentsazionalismoari bizkar ematen dio.

Bi urtez, Gandbhirrek poliziaren gorputz kameren grabazioak bildu ditu, beldurra, axolagabetasun instituzionala eta arrazakeria agerian uzten dituen tragedia bihurtu zen etxeko liskar baten istorioa osatzeko.

Emaitza AEBetako sistema judizialaren porrotaren kronika bisuala da, non autodefentsa arrazakeriarekin nahasten den eta beldurra argudio moral gisa legitimatzen den. Gandbhir generoaren ohiko sentsazionalismotik aldentzen da, eta gogoeta sakona proposatzen du: nola eguneroko indarkeria ikusezin bihurtzen den, botere egiturek sostengatzen dutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.