Sara Azurza
'Ekografiak'

Bizitza bat gu gabe

2026ko otsailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nolakoa izango da dena gu ez gaudenean? Nola egingo dute aurrera gure senide eta lagunek? Nor ezagutuko dute gure tokian, eta etorkizun on bat eraikiko ote dute gu oroitzapen bihurtzen garenean?

Isabel Coixetek estreinatu berri duen Three Goodbyes filmaren harira, nire lagun Marinak eta izeba Ainhoak gomendio argia egin zidaten: ikus nezala lehenago Coixeten My Life Without Me, zuzendari katalanaren galdu ezin den lan horietakoa baita. Eta hala egin dut.

Ann (Sarah Polley) senarrarekin (Scott Speedman) eta bi alabekin karabana batean bizi den gaztea da, eta unibertsitatea garbitzen lan egiten du. Egun batean konortea galdu ondoren, sendaezina den tumore bat diagnostikatuko diote. Medikuek bi hilabeteko bizi-itxaropena ematen diotenez, Ann inoiz egin ez dituen gauzak egiten saiatuko da, eta bere senideentzat dena antolatuta uzten. Bidean, hainbat pertsona berezi ezagutuko ditu: maitemindu nahi duen gazte bat (Mark Ruffalo), bere bizilagun berria (Leonor Watling) eta ile-apaintzaile bat (MarĂ­a de Medeiros).

Eguneroko xume bezain eder bat erakusten du filmak. Egoeraren larritasunetik, drama handirik gabe, protagonistak maite dituenentzat etorkizun duin bat bermatzeko egiten duen ahalegina kontatzen du. Flotatzen ariko bazina bezala igarotzen zaizkizu minutuak, ahots fin eta sentikor bat entzunez.

Badira film batzuk existentzia bera bezain hauskorrak eta ederrak direnak, agurraren ertzetik maitasunari tinko eusten diotenak. Izenburua irakurri orduko susmatzen duzu zerbait tristea gertatuko dela; baina, aldi berean, amaieraren ataritik leku eder eta poetiko batetik hitz egiten dizu, minaren eta edertasunaren arteko oreka fin horretan.

Three Goodbyes-en trailerra ikusi ondoren, hainbat gai antzeman ditut komunean. Hala ere, oraindik ez dut filma ikusi; beraz, datorren astera arte ezingo dut haren inguruan idatzi. Bitartean, Filmin plataforman eskuragarri dagoen altxor txiki hau ikustera gonbidatzen zaitut, eta zu gabe mundua nolakoa izatea nahiko zenukeen imajinatzera; oraindik esan edo egin gabe dituzun gauza horiek esatera eta egitera.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA