Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Bizitza perfektua?

2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Bizitza ez da perfektua. Egunero eramaten dugun errutinak bizitzaren gauza onetan fijatzeko denbora falta sortzen digu; helduago egiten garen bitartean, ardurak handitu egiten dira, eta gozamenerako uneak, txikitu. Telebistan eta zineman ikusi ditugun fikzioetan gai hori askotan jorratu da, baina duela gutxi estreinatu den Leticia Doleraren Vida Perfecta (Movistar Plus) telesaila ekarri nahi dut gaurkoan, gaia oso ondo jorratu duelako azkeneko denboraldian.

Vida Perfecta telesailaren lehen denboraldia arrakastatsua izan zen. Besteak beste, Canneseries jaialdian telesail onenaren saria jaso zuen. Lehen denboraldian Maria eta Esther ahizpen gorabeherak ezagutu genituen, haien Cristina lagunarekin batera. Hirurak bizitzaren fase kritiko eta ezberdinetan zeuden, baina, haien arteko laguntasunari esker, aurrera egin zuten.

Bigarren denboraldi honetan egoerak zaildu egin dira, eta pertsonaia batzuk helduagoak egin dira. Estherren (Aixa Villagran) kasuan, bere bizitza guztiz aldatu da: aurreko denboraldian festaz festa zebilen, baina emakume batekin harreman egonkor bat hasi duela dirudi. Julia du izena, eta 50 urte inguru ditu. Adin desberdintasuna eta konpromiso bat izatea erronka gogorrak izango dira Estherrentzat.

Mariak, berriz, amatasunaren erronka izango du. Gogora dezagun aurreko denboraldian haurdun geratu zela, eta umearen aita, Gabi, desgaitasuna duen pertsona dela. Gabiren eta Mariaren arteko harremana ez da erraza izango Mariarentzat. Umearen ardura osoa Mariak hartu du, eta bakarrik amatasunari aurre egiteko zailtasun handiak izango ditu. Depresiora iritsiko da, eta beste pertsonekin dituen harremanak galtzeko zorian egongo da.

Cristinak (Celia Freijeiro), berriz, Pablo senarrarekin duen krisialdia konpondu nahi du. Aurreko denboraldian, Cristina beste gizon batzuekin oheratzen zen. Egoera horri aurre egiteko, harremana ireki dute, eta beste pertsonekin oheratu daitezkeela onartu diote batak besteari. Bien arteko konfiantza falta izango da haien arazoa.

Bigarren denboraldiak gai asko jorratzen ditu, eta lehenengoa baino sakonagoa dela iruditu zait. Emakume askok bat egingo dute protagonistei gertatzen zaizkien arazoekin, eta bizi ez dituztenek arazo horiek hobeto ulertuko dituzte. Telesail honetan sororitateak irabazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.