gaizka izagirre
'Ekografiak'

Boikota!

2025eko abenduaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete batzuk igaro dira albistea zabaldu zenetik: «Gutxienez 27 emakumek Eduard Cortes zinemagileari leporatu diote biluzien truke lana eskaintzea». Emakumeek publikoki salatu zuten Cortes, sexu indarkeria egotzita. Goya sarietarako bi aldiz izendatutako zuzendariak lan proposamenak egin zizkien hainbat aktoreri, baldintza jakin batekin: biluzik grabatzea, masturbazioak edo bestelako sexu praktikak eginez. Testigantzen artean daude Silvia Grav, Eva Fabregas, Sofía Barco, Norah Alexandra Vega eta Nicole Leon. Gehienek 20 eta 30 urte bitartean zituzten gertakariak jazo zirenean, eta horietako bi adingabeak ziren.

Bada, salaketa horiek guztiak egin zituztenetik urtebete ere igaro ez den honetan, Cortesek zuzendutako Terra Alta telesaila estreinatu du Movistar Plusek.

Silvia Gravek salatu duenez, hasieran Movistarrek erabaki zuen telesailaren estreinaldia gelditzea; hala ere, haren esanetan, plataformak ondoren iritzi dio behar adina denbora igaro dela, eta, horrenbestez, telesaila kaleratu du. Salaketa hori Instagramen argitaratutako bideo batean egin du, bertan plataforma zuzenean aipatuz eta jarraitzaileak konpainiaren kontuan iruzkinak egitera gonbidatuz.

Nicole Leon aktoreak, berriz, honakoa adierazi du: «Auzia ezin da zigorrik gabe geratu. Justiziak gure alde egon behar du. Boikota telesailari eta zuzendariari».

Zuzendariak ez du adierazpenik egin. Konpainiak, aldiz, adierazi du ez duela telesaila bere katalogotik kentzeko asmorik. Sare sozialetan salaketa publikoa egin arte, eta filmaketa amaituta zegoenean, ez omen zuten zuzendariaren aurkako akusazio edo jokabide gatazkatsuen berri izan.

Telesailaren jarraipenari buruzko eztabaidatik harago, bereziki larria da biktima batek goizean jaiki eta eraso egin dion gizonak zuzendutako obra baten estreinaldiarekin eta normalizazio publikoarekin topo egin behar izatea. Egoera horrek, zauriak berriz irekitzeaz gain, babesgabetasunaren mezua helarazten die salaketa jarri zutenei, eta indartu egiten du zera, industriak onura ekonomikoak lehenesten dituela zaintzaren, erreparazioaren eta biktimen duintasunaren gainetik.

Horrelako egoerak normalizatzeak isiltasuna, beldurra eta egiturazko indarkeria elikatzen ditu; industriak erasotzaileak babesten eta biktimak bazterrean uzten jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.