Urte berriari hasiera emateko, azkenaldian ikusi dudan film bat gomendatzera natorkizu. Paul Thomas Andersonen One Battle After Another da, eta zinema aretoetan galdu bazenuen, HBO Maxen duzu ikusgai.
Thriller horrek egungo errealitateko borrokak eta injustiziak umorearekin, satirarekin eta zentzugabetasunarekin uztartzen ditu. Ameriketako Estatu Batuetako errealitate kezkagarrietan zein iraganeko ideia iraultzaileetan inspiratuta, ideologia ezberdin eta erradikalen arteko kontrastean interesa duen lan bat da, planteatzen dituen kontzeptuen inguruan hausnartzera gonbidatzen duena.
Filma nagusiki AEBen eta Mexikoren arteko mugaren inguruan kokatzen da, eta Bob (Leonardo DiCaprio) du protagonista nagusia. Istorioaren hasieran, Bob French 75 izeneko talde iraultzaileko lehergailuen arduraduna da, eta Perfidia Beverly Hills (Teyana Taylor) iraultzaren liderraren bikotekide bezala agertzen da. Perfidia emakume izugarri oldarkorra da, gorrotoz betea, baina aldi berean bere borrokarekiko eta ordezkatzen dituen idealekiko erabat konprometitua. Bikotekideak alaba bat izan zuen, Willa, baina ama desagertuta dago, eta kontakizuna hura jaio eta hamasei urte ondoren kokatzen da.
Aita-alabak nahiko lasai bizi dira mugatik gertu dagoen herri batean, harik eta Steven J. Lockjaw koronela (Sean Penn) haien bila itzultzen den arte. Lockjawren ustez, Willa bere alaba izan daiteke, eta hori frogatu nahi du The Christmas Adventures Club taldean sartzeko. Talde hori AEBetako gizon zuri, heterosexual eta supremazisten sare boteretsu bat da.
Istorioak bata bestearen atzetik datozen hainbat borrokatara eramango ditu filmeko protagonistak: batzuk erabat absurdoak izango dira, eta beste batzuk, berriz, errealitate gordinez jantziak. Horren adibide da Sensei Sergio St Carlosek (Benicio del Toro) immigrazioaren errealitatea agerian uzten duen unea, adibidez.Â
One Battle After Another ez da thriller konbentzional bat. Absurdoaren bidez, egungo errealitatearen gordintasuna erakusten duten film horietakoa da, barrearen eta deseroso sentiaraztearen arteko muga etengabe zeharkatzen duena, borroka bat bestearen ondoren.