gaizka izagirre

Brad Ingelsby

2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kate Winslet protagonista duen Mare of Easttown telesail bikainarekin gozatu zutenek antzekotasunak topatuko dituzte HBO Max plataforman ikusgai dagoen Task telesailean.

Mare of Easttown, oraindik ez baduzue ikusi, telesail zinez gomendagarria da. Pennsylvaniako herri txiki batean girotuta dago: egun batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da, eta horrek galdera nagusi batzuk pizten ditu: nork hil du? zergatik? Mare Sheehan polizia bertaratu da zer gertatu den argitzera. Ama helduak, ama oso gazteak, ama bakartiak, sufritzen duten amak dira Easttown herri endogamikoan gertatzen den polizia drama indartsu horretako protagonista nagusiak. Mare poliziaren rolean, Kate Winslet.

Bada, sortzaile berberaren eskutik (Brad Ingelsby), Task iritsi da.

Mark Ruffalo da protagonistetako bat, FBIko agente baten rola jokatzen du. Indarkeriazko lapurreten bolada arriskutsu bat geldiarazteaz arduratzen den unitate berezi baten buru da. Baina susmagarri nagusia, itxuraz eredugarria den familia bateko aita (Tom Pelphrey), ikerketaren erdigunean jartzen denean, kasua anbiguotasun moralen, familiako sekretuen eta muturreko erabakien sare bihurtzen da. Legearen alde banatan egon arren, bi pertsonaiek erredentzioaren eta familia loturaren aldeko barne borroka izango dute.

Generoan sarritan ikusten diren ohiko kontakizunen antza izan dezakeen arren, pertsonaietan aurkitzen dira ñabardurarik garrantzitsuenak. Ingelsbyk, enpatiaren eta xehetasunaren alde egin, eta polizia generoko arketipo klasikoak saihesten ditu. Dramaren alorra da alderdirik indartsuena.

Filadelfian girotua dago istorioa, eta hiria ez da eszenatoki soil bat; narratibaren garapenean eta protagonisten bihotzean eragiten duen beste pertsonaia bat da, haien barne munduan sakontzeko leihoa. Langile klaseagatik eta tokiko identitateagatik ezaguna den inguru hori aukeratzeak egiazkotasuna eta testuinguru mamitsua gehitzen dizkio istorioari. Alderdi bisualaren bidez, telesailak pertsonaien errealitatean murgiltzea ahalbidetzen du, eta hiri inguruneak haien erabakietan nola eragiten duen erakutsi.

Estilo errealistaz eta tentsio narratibo etengabearekin, Task bere tonu likitsagatik, interpretazio sendoengatik eta ikuslea lehen kapituluetatik pantailari kateatzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.