Sara Azurza
Ekografikoak

Bristoleko gazteak

2026ko ekainaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urtean hogei urte egingo ditu nire telesail kuttun bat estreinatu zenetik. 2000ko hamarkadaren hasieran girotuta, Bristoleko nerabe talde baten bizitza jarraitzen du Skins telesailak. 

Garai hartan nerabeei buruzko telesail ugari baziren ere, gehienek helduek gaztaroari buruz zuten irudia erretratatzen zuten, ez nerabeek benetan bizi zutena. Skins-ek, ordea, kontrako bidea hartu zuen, gazteen ahotsa eta errealitatea lehen lerroan jarriz. 

2007an estreinatu zutenean, telebistako gazteak ez ziren benetan gazteak. 30 urte inguruko aktoreek institutuko ikasleen papera egiten zuten, luxuzko etxeetan bizi ziren eta helduen arazo sentimentalak zituzten —Gossip Girl edo The OC telesailetan bezala—. Skins-ek, ordea, kontrako norabidea hartu zuen. 

Telesailak Bristoleko lagun talde baten egunerokoa erakusten du, festak, sexu-harremanak, drogak, adiskidetasunak, ziurgabetasunak eta autoestimua erdigunean jarrita. Baina, batez ere, nerabeen benetako hizkuntza erabiltzen zuen, eta horregatik izan zen hain iraultzailea. 

Ez zuen gaztaroa idealizatu, baina ez zuen demonizatu ere. Bere momentuan prentsak eskandalutzat jo zituen sexu-eszenak, hizkera gordina edo drogen presentzia. Baina telesailak ez ditu gehiegikeriak soilik erakusten. Festaren atzean dagoen biharamuna ere azaltzen du; euforiarekin batera datorren hutsunea; eta umorearen ondoan bizi den tragedia.

Agian horregatik mantentzen du gaur egun ere bere lilura. Gazte izatea ez delako etengabeko abentura bat, baina ezta sufrimendu amaigabe bat ere. 

Denboraldiz denboraldi protagonistak aldatzen joaten dira, baina guztiek dute elkarren artean loturaren bat, eta guztiek daramate zauriren bat barruan. Chrisen irribarrearen atzean mina ezkutatzen da; Cooken ausardiaren atzean beldurra; Cassieren isiltasunaren atzean zauri sakonak; eta Effyren itxurazko indarraren azpian, amesgaiztoak. Skins-ek ederki ulertu zuen nerabezaroa kontraesanen lurraldea dela, eta horregatik ihes egiten du luxuzko hotel batean bizi den gazte perfektuaren fantasiatik.

Telesail honek ez ditu gazteak epaitzen; haien errealitatea entzun egiten du. Horregatik, oraindik ez baduzu ikusi, garaiz zaude Netflix ireki eta Bristoleko abentura zoro honetan murgiltzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE