gaizka izagirre
'Ekografiak'

Constance Chang

2025eko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lerroburu arranditsuetatik eta marketin kanpainetatik urrun estreinatu dute Filminen Blue Sun Palace proposamen berezia. Jatorri txinatarra duen Constance Tsang zinemagileak oso gomendagarria den izenburu horrekin egin du bere ibilbideko lehen urratsa zinemagintzaren munduan.

Blue Sun Palace (euskaraz, Eguzki Jauregi Urdina) filmean dolua, bakardadea eta identitatea dira ardatz nagusiak. Lanak etorkinen mina eta erresilientzia azaleratzen ditu, eta jaioterritik urrun bizitzeak dakartzan erronkak eta egokitzapen prozesua erakutsi. Protagonistek leku arrotzetan bizirauteko eta beren bidea aurkitzeko borrokatu beharko dute.

Hasieratik bertatik, Constance Tsangek erabaki estilistiko argia hartzen du: ikuspegi minimalistaren eta narratiba bisual pausatuaren aldeko hautua. Plano estatiko luzeen erabilerak keinuei eta gorputz adierazpen sotilei protagonismoa ematen die, eta, hala, emozioak pixkanaka azaleratzeko aukera eskaini.

Isiluneek, halaber, funtsezko zeregina betetzen dute; tentsio dramatikoa eraiki eta pertsonaien barne mundua iradokitzen dute. Filmak erritmo kontenplatiboa du, lasaitasunaren eta intentsitate emozionalaren arteko oreka etengabe bilatuta.

Alor bisualak funtsezko zeregina betetzen du: irudien ehundura pikortsua denboraren iragatearen eta pertsonaien barne zauri sakonen metafora gisa ulertu daiteke. Kamera, sarritan, espazio murriztuetan kokatzen da —masaje kabina batean, eskailera batean, jatetxe baten barnealdean—, eta horrela indartzen da pertsonaien entzierro emozionalaren sentsazioa. Era berean, hiriaren argi eta itzalen kontrasteak ez du soilik errealitate sozialaren testigantza eskaintzen: pertsonaien sentimenduen dualtasunaren irudi sinboliko gisa funtzionatzen du.

Egia da, bestalde, eszenaratzearen fintasunak zenbaitetan narrazioaren indarra lausotzen duela: pertsonaiak eta haien emozioak bigarren mailan geratzen dira, edo ez dira guztiz garatzen.

Hala ere, garrasirik egin gabe eta gidoi biraketa harrigarrien beharrik gabe, Constance Tsangek opera prima interesgarri, delikatu eta sotila eraiki du, begirada propio eta koherente baten erakusgarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.