Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Dailobit

2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Zutabe honek ez du balio soilik telebistaz hau edo bestea esateko. Eraman zaitzake, dirudienez, telebista barrura ere. Eta ez sektorera edo industriara, ez: pantaila barruraino diot; fokoen aurrera, lehen lerrora. Pare bat asteko tartean, Hitzokei saioan izan da Aritz Galarraga Humanitatearen une gorenak liburua aurkezten. Gauza bera egin du —tira, beste liburu bat aurkeztu du, Euskalia eleberria— Mikel Alvarez ekografista ohiak.

Denen artean, saltorik egonkorrena egin duena Leire Palacios da, ordea. Munduko Plazan saioa aurkeztu zuen iaz, eta ETBk egin duen Dailobit saioko gidari ere bada, Alessandro Rutta kazetari euskaldun italiarrarekin eskuz esku.

Makina bat saio eta dokumental egin dira antzeko galderei segika: zer diote euskaraz berriki ikasi dutenek? Horren zaila al da? Nola irauli euskararen gainean ditugun aurreiritzi atzerakoienak? Bada, Dailobit-ek, telebista berrasmatzen itsutu gabe bada ere, ahalegin horiek ohi dutena baino pieza natural, atsegin eta deigarriagoa sortzea lortu du. Batetik, elkarrizketatuek benetan dutelako zer kontatua: Laura Re, Dylan Inglis edo Dani Alvarezenak entzuteko moduko testigantzak dira, besteak beste. Baina baita bi aurkezleek —eta sarrerak idazten dituzten gidoilariek— egindako lan onagatik ere.

Haien paperak baditu, gutxienez, eskasian dauden bi bertute: bata, antzerkia jolas bihurtzeko gaitasuna. Atalei edo azpi-atalei sarrera emateko egoera fikzionatuak erabiltzeko joera nagusi da ETBn, baina gutxik lortzen dute Dailobit-eko aurkezleek transmititzen duten patxada eta naturaltasuna. Jolasean parte hartzen dute, eroso, testu bat zehatz-mehatz esateko ahalegina bigarren planoan utzita.

Are nabarmentzekoagoa da bigarren bertutea: kazetari sena dute biek ala biek, eta benetako elkarrizketak egin dituzte, parekoa entzunez eta horretara egokituz, gidoiarekin itsutu gabe. Eta eskerrak. Ikuslearen begietan, esaten dena bezain garrantzitsua baita berriketaldiaren giroa sinesgarri suertatzea.

Hori esanda, banoa, telebistan agertzeko deitzen banaute, ondo gera daitezkeen jertse edo alkandorak hautatzera. Ez zaizkie gai asko geratzen, eta auskalo, ez litzateke harritzekoa laster telefonoak jotzea: «Ur handitan saioan Erremerreak egitekoak gara. Parte hartu nahi zenuke?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.