Sara Azurza
Ekografiak

Deabruaren eskua

2026ko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure guraso eta aitona-amona askori ezkerreko eskua erabiltzea debekatu zieten, eta maiz entzun izan ditugu horren ondorioak zeintzuk diren. Gaurko filmeko protagonista ere ezkertia da. Hari ere aitonak ez dio ezkerreko eskua erabiltzen uzten, eta, tradizioari jarraituz, deabruaren eskua dela sinetsarazten dio.

Left-Handed Girl, Shih-Ching Tsouk zuzendu eta Sean Bakerrek ekoitzitako filmak, Taiwango familia xume bateko hiru emakumeren istorioa kontatzen du: Shu-Fen, amarena; eta haren bi alabenak, I-Ann eta I-Jing txikiarena. Urte batzuk landa eremuan igaro ondoren, Taipei hirira itzultzen dira bestelako bizimodu bati ekiteko asmoz. Ama gaueko merkatu batean postu bat irekitzen saiatzen da, eta alaba bakoitzak aurre egin behar die bere erronkei. I-Anne independentziarako eta helduarorako bidearen bila dabil, eta I-Jingek, berriz, bere ezkerreko eskuaren inguruan jasotako sineskeria eta erru sentimendua barneratzen ditu.

Eguneroko bizitzako keinu txikien bidez, familia harremanak, emakumeen arteko loturak, klase soziala eta tradizioek norbanakoaren identitatean duten eragina aztertzen ditu filmak. Hori guztia tonu intimista eta behatzaile batekin egiten du; Taiwango errealitatearen gogortasuna erakutsiz, baina samurtasunari eta itxaropenari ere lekua eginez.

Horrez gain, filmak kritika zorrotza egiten dio Taiwango gizartearen egitura matxistari. Agerian uzten du emakumeek autonomia lortzeko eta beren baliabideak eraikitzeko egin behar duten ahalegina. Aldi berean, gizonek familia barruan eta gizartean duten boterea eta eragina nabarmentzen dira. Izan ere, aita, senar, seme edo aitona izate hutsak guztiz baldintzatzen ditu gizartearekiko arauak eta harremanak.

Estetikoki ere oso film zaindua da. Kolore saturatuek, gaueko merkatuen argiek eta etengabeko mugimenduak bizitasun handia ematen diote kontakizunari. Eta zer esanik ez aktoreen interpretazio bikainak, istorioa emozioz betetzen dutenak.

Horren guztiaren isla da nazioarteko jaialdi eta sarietan izan duen harrera bikaina, eta ez da harritzekoa. Aurten gehien hunkitu nauten filmetako bat izan da. Orain Filminen dago ikusgai, eta ezkerreko eskua erabili ala ez, film honek bihotza lapurtuko dizu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE