gaizka izagirre
Ekografiak

Debut ausarta

2026ko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean deskubritu nuen Urchin, Harris Dickinson aktore ezagunak zuzendutako lehen film luzea. Orain, Filmin plataformara iritsi dela aprobetxatuta, bigarrenez ikusteko aukera izan dut. Opera prima ausart eta nabarmena da, barrenak astintzen dituzten horietakoa.

Istorioak Londresen bizi den Mike (Frank Dillane) preso ohiaren ibilbideari jarraitzen dio. Etxerik gabeko gaztea da, eta bere bizitza berreraikitzen saiatzen da, iraganari aurre eginez eta etorkizunerako irtenbide bat bilatuz. Marjinaltasunaren eta itxaropenaren distira laburren artean igarotzen da haren egunerokoa. Bere burua ezagutzeko eta berrasmatzeko bidean murgiltzen den heinean, ustekabeko aukerak agertuko zaizkio, hasiera berri baten promesa ekar dezaketenak.

Kontakizunak gizarte-sistemaren arrakaletan erortzen diren pertsonengan jartzen du arreta. Mikeren begietatik ikusiko dugu nola kaleko bizitza, espetxe-sistema eta berriro gizarteratzeko ahaleginak gurutzatzen diren, benetako berreskuratze-bermerik eskaini gabe. Kartzelatik irteteak, lan bat aurkitzeak edo bide berri bati ekiteak ez dute berez sendabiderik bermatzen: traumek eta zauri emozionalek lanean jarraitzen dute, etengabe eta isilean.

Formalki, Erresuma Batuko zinema sozialaren tradizioan kokatzen da —errealismo gordina, egunerokoaren protagonismoa, kamera hurbila—, baina Urchin-ek baditu une estilizatu eta ausartak ere: pasarte oniriko eta haluzinatuak, non errealitatea eta barne-munduaren distortsioa uztartzen diren, protagonistaren zaurgarritasuna irudikatzeko.

Filmaren indargune handienetako bat ikuslea Mikeren alboan kokatzeko gaitasuna da, paternalismoan edo drama errazean erori gabe. Bere ahuleziak, harrokeriak, autosabotajeak eta indarkeriazko eztandak agerian uzten ditu; eta hala ere, konplexutasun horretan, ulertzeko eta enpatizatzeko tartea uzten digu.

Dickinsonek debut sendo eta pertsonala sinatu du. Antzezleen lanak nabarmenak dira, tonua zaindua eta koherentea da, eta erretratu sozialak, azaleko errealismoarekin konformatu ordez, sakontasun emozional eta moral ausarta eskaintzen du.

Zauri irekiei begiratzeko adorea duen lan interesgarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA