Ezin izan da euskaraz ikusi. Baina euskaldun askoren ahotan da egunotan. Amaitu da Stranger Things telesaila. Edo hobeto esanda, bosgarren denboraldiko azkeneko atala estreinatu zuten urtarrilaren 1ean —AEBetan eta Kanadan, zinema aretoetan eman zuten, baina ez Euskal Herrian—. Eta Netflix plataformarentzat pagotxa izan da Matt eta Ross Duffer anaiek sortutako fikziozko lana. Ikus-entzunezko frankizia bati bide eman dio, haren bueltako marketin guztiarekin. Eta espero daiteke Stranger Things-en produktuak ez direla berehala amaituko, ez direla orain iraungiko.
Arrazoi bat baino gehiago daude telesail horren arrakasta azaltzeko; tartean, 1980ko hamarkadako pop kulturaren nostalgia —zenbait belaunalditako ikusleak kateatu ohi dituena, asmatuz gero—, garai hartako musika eta umore inozo bezain eraginkorra —batez ere pertsonaia batzuen arteko elkarrizketatan—. Izar bihurtu diren aktoreen artean, Realeko entrenatzailea dago. Nola? Ez, hori ez, baina Dustinen pertsonaia jokatu duen aktoreak talde txuri-urdineko entrenatzaile berriaren abizen bera du: Matarazzo. Gaten Matarazzo umemoko bat zen telesaila egiten hasi zirenean, gogoratu behar baita 2016an estreinatu zutela lehen denboraldia. Ikus-entzuleek hazten ikusi dituzte Noah Schnapp (Will), Millie Bobby Brown (Eleven), Caleb McLaughlin (Lucas) eta Finn Wolfhard (Mike) ere.

2016an, telesaila estreinatu zutenean, neska-mutiko haiek ezin zuten imajinatu ere zer iritsiko zitzaien. Duela hamar urte hasi zen fikzio hura mugatua zen sorrerako planteamenduan. Denboraldi bakarra egitea baino ez zuten buruan Duffer anaiek. Baina kritika oso onak izan zituen lehen denboraldi hark, ikus-entzule datuak ere apartak izan ziren, eta beste denboraldiak iritsi ziren gero. Eta heldu ziren komikiak, bideojokoak, antzezlan bat —Londrestik New Yorkera joan dena—, merchandising-eko produktuak eta jakiak... eta iragarri dute spin-off bat eta marrazki bizidunetako telesail bat egingo dituztela.Â

Parrot Analytics-en arabera, Netflixek mila milioi euro inguru irabazi ditu telesailari esker streaming zerbitzuan. Kontua da bestelako lizentzia eta produktuen salmentak aintzat hartuz balitekeela irabaziak beste lau mila milioiren bueltakoak izatea.
Armairutik ateratzea, lehen eta orain
Azkeneko egunetan Interneteko sare sozialetan askorako eman du bosgarren denboraldiko zazpigarren atalak. Zehazkiago, atal horretako eszena batek, non protagonistetako bat armairutik ateratzen den. Erabat hunkituta eta beldurtuta ageri da lagunen artean, eta homosexuala dela adierazten die denei. Eszenaren eta egoeraren planteamenduari egin ahal zaizkio kritika batzuk, noski, baina hark eragindako homofobia mezuak izan dira deigarrienak. Eszena egurtzen duenak, gainera, ulertu beharko luke testuingurua: zer zen armairutik ateratzea 1980ko hamarkadan AEBetan —nahiz eta, kurioski, beste pertsonaia batek lesbiana zela adierazi zuen beste denboraldi batean, eta oharkabe pasatu zen—. Funtsean, istorioaren barnean, azken-aurreko ataleko eszenak zera adierazi nahi du: beldur handi bat gainditzea Gaizkia garaitzeko, kontzeptu gisa.
Eszena gustukoa izan ala ez, zoritxarrez, 2026an homofobiak eta eraso homofoboek hor diraute. Bada zer egin eremu horretan ere, oldarraldi erreakzionarioaren aurka.
Aitortu behar da, bestalde, zorrotz jarriz gero, bosgarren denboraldia ez dela beste munduko ezer izan. Batez ere beste denboraldi batzuekin alderatuz gero. Azkeneko batailari dagokionez, ezin spoilerrik egin, noski.

Gertatu izan da behin baino gehiagotan: ezin jakitea telesail bat nola amaitu. Stranger Things-en kasuan, azkeneko atala bi ordu eta zortzi minutukoa da. Hala moduzko blockbuster baten gisan ere har zitekeen, ez baitu gainditzen denboraldi osoaren maila. Erritmo biziz hasten da atala, eta argi dago: telesailaren zaleek jakin nahi dute nola amaitzen den istorioa. Eta tira, bukaera ematen zaio hamar urteotako korapiloari. Okerragoa izan zitekeen bukaera? Akaso bai. Baina lehen bi denboraldiek zuten xarma ez da agertu Stranger Things-en azken parte luze honetan. Besterik uste duenik ere egongo da zale amorratuen artean.
Finito, ba. Hurrengo frankiziaren bila ibiliko da Netflix.
