Azken boladan, ingelesezko bi termino oso modan jarri dira: feel-good movie eta coming of age. Lehenengoak ikuslea ondo sentiaraztea helburu duten filmak izendatzen ditu; bigarrenak, berriz, protagonistaren hazkundea ardatz duten istorioak. Bi genero horiek film berean uztartzea ez da bereziki harrigarria; ezohikoagoa da, ordea, hori guztia BDSM praktikak erdigunean kokatzen dituen narrazio batean egitea. Pillion lurralde horretan murgiltzen da, eta, apustua arriskutsua bazen ere, emaitza nahiko arrakastatsua da. Filmin plataformara iritsi berri da.
Adam Mars-Jones idazle eta kritikari britainiarraren Box Hill eleberrian oinarrituta dago, eta Harry Lighton zinemagilearen lehen film luzea da. Protagonistak Alexander Skarsgard eta Harry Melling dira; ekoizle lanetan, berriz, Ed Guiney eta Andrew Lowe aritu dira, besteak beste Yorgos Lanthimosek zuzendutako filmografiaren zati handi baten arduradun izan direnak.
Lightonek bi gizonezkoren arteko harremanaren bidez —Ray eta Colin, Alexander Skarsgard eta Harry Melling— sexu-menpekotasunaren paisaietan barrena egindako ibilbidea proposatzen du, begirada ironiko eta ausart batez.
Filmak BDSM dinamikek zeharkatutako harremanak arakatzen ditu, eta zalantzan jartzen du dominazio adostuaren eta dominazio emozionalaren arteko muga. Maitasunaren mugez eta harreman baten barruko rolen zaurgarritasunaz lotsarik gabe hitz egiten du, epairik egin gabe.
Izenburuan bertan aurki daiteke metafora nagusia: motozikleta baten atzeko eserlekuari egiten dio erreferentzia, eta leku hori hartzeak konfiantza, mendekotasuna eta kontrolaren lagapena dakartza berekin.
Azpimarratzekoa da, gainera, pertsonaien homosexualitatea ez dela narrazioaren gatazkaren iturburu. Protagonistaren ingurunean guztiz normalizatua eta integratua ageri da; ez da azalpenik behar, ezta justifikaziorik ere. Filmaren interes nagusia ez dago identitatean bertan, baizik eta harreman jakin batzuk nola eraiki eta mantentzen diren, akordio zehatz eta adostuen bidez.
Lightonek gizonen intimitateari buruzko kontakizun berezia eta ausarta eraiki du, epaiketa moralak saihesten dituena eta esperientzia konplexua proposatzen duena.
Ez da lan biribila inondik inora ere, baina askorentzat ezezaguna den begirada bat erakusten du.
Â