Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Disidenteen kultura

2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ez da lehenengo aldia hona ekartzen dudana printzipioz niri zuzentzen ez zaidan podcast bat, edo, hobeto esanda, ez dut uste, saioaren egileek balizko entzulea imajinatzen dutenean, berrogeitaskotako emakume zis eta heteroa irudikatzen dutenik. Ala bai? Baliteke. Iruñetik datorren proposamena da Flop Kultura bideopodcasta, eta dagoeneko hiru saio eskaini dituzte Eneko Garciak eta Danel Pascualek, edo, nahiago baduzue, Albina Stardust eta Divina Comediaren alter egoek.

Flop hitz ingelesak porrota esan nahi badu ere, sortzaileek arrakasta lortzea dute helburu, Espainian antzeko formatua duten beste podcast erreferentzialek bezala. Formula oso sinplea da, bi pertsona ezagunen, sare sozialetan jarratzaile asko izaten eta ikuskizuna eta eszenografia kontrolatzen dituztenen arteko solasaldi informala, gidoi zehatz bati jarraitzen ez diona, eta ia soinu-baliabiderik erabiltzen ez duena: musika bakarra, sintonia, eta onomatopeien bidez hots batzuk baino ez—hurrengo saioan sartuko dituztela agindu dute—.

Kameraren aurrean garatzen da saioa; etorkizunean, agian, publikoaren aitzinean. Bi esatariek —Danel, beltzez, eta Eneko, larrosaz— hiru saioetan janzkera bera dute, horrela nahi izan dutelako dela aitortzen dute (ala saio guztiak egun berean grabatu dituztela ezkutatu nahi dute?). Eskeleto eta katilu iluna, lehenengoaren ondoan, eta larrosa koloreko landarea, edalontzia eta zisnea, bigarrenaren lagun. Dekorazio karrankari hori, gainera, animalia baten azala imitatzen duen oihalaren gainean. «Atrezzo txonia», diote. Eta horrela erreibindikatzen dute beren burua, akademiatik urrun dagoen eta Espainian Belen Esteban eta La Veneno-ren pareko pertsonaiek ordezkatzen duten pop kultura disidentea baita haiek aldarrikatzen dutena.

Eszenatoki horri kontrapuntua egiten dio Euskalerria Irratiaren logoak. Podcast hau Iruñeko irrati euskaldunean jaio eta eskaintzen da, eta balioa eman nahi diot horri, nire ustez estereotipo batzuk hausten baititu. Izan ere, saioaren sortzaileek «behar ez zenuen podcasta» dela ohartarazten badigute ere, nire aburuz, euskarak behar ditu honelako saio txolinak (ez ulertu mespretxuzko kalifikatibo gisa ), kortsea kendu eta drag-ez janzten direnak, gazteek eskolakoa ez ezik, euskara bizitzaren hizkuntza dela senti dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.