gaizka izagirre
'Ekografiak'

Doluaren ertzean

2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteotako beldurrezko film gogoangarrien zerrenda osatu beharko bagenu, zalantzarik gabe, Hereditary eta The Babadook ezinbesteko erreferentziak lirateke. Bring Her Back lanak antzekotasun nabarmenak ditu bi obra horiekin, eta nahiz eta haien mailara guztiz ez iritsi, azkenaldian estreinatu diren beldurrezko filmen artean gutxik lortu dute ikuslea hainbeste aztoratzea, halako indar eta gaitasun narratiboarekin. Euskarazko azpidatziekin iritsi da Movistar plataformara.

Talk to Me (2022) filmaren arrakastaren ondoren, Philippou anaiak are ilunagoa eta emozionalki suntsitzaileagoa den proposamen batekin itzuli dira. Zinta doluaren ertzetan kokatzen da, eta, elkargune horretan, hiru pertsonaia nagusi aurkezten dizkigu: Piper eta Andy neba-arrebak, batetik, eta hil zaion alaba edozein modutan itzultzeko prest dagoen emakume bat, bestetik. Haien arteko tentsioak eta zauri emozionalek istorioaren oinarri sendoa eraikitzen dute.

Hasiera batean familia drama baten itxura hartzen du filmak, galerak markatutako harreman baten erretratu gordin eta hunkigarriarena. Hala ere, laster bihurtzen da beldurrezko kontakizun bortitz eta aztoragarri, atmosfera itogarri batean murgilduta. Hasierako isiluneak eta barne minak irudi gordin eta nahasgarri bihurtzen dira pixkanaka, eta, hala, ikuslearen arnasa estutu. Sortzaileek estilo bisual sendoa baliatu dute: enkoadraketa estuak, argiztapen zapaltzailea eta soinuaren erabilera kezkagarria; denek batera tentsioa etengabe elikatzen dute.

Beldur psikologiko garaikidearen iturrietatik edaten du filmak: Midsommar-en sinbolismo iluna antzematen da, The Wailing-ekoaren pareko heriotzaren tratamendu erritualista, eta baita Antichrist-en oihartzunak ere. Hala ere, erreferentziak erreferentzia, Philippou anaiek euren filmari nortasun propioa ematea lortu dute, gorputza izugarrikeria fisiko eta sinbolikoaren lurralde bihurtuz.

Nahiz eta kohesio narratiboan gorabeherak izan eta hari mutur batzuk solte geratu, filmak eragin sentsorial eta emozional oso indartsua du. Barrenak nahasi eta astintzen dituen beldurrezko zinema gustuko dutenentzat, ezinbesteko proposamena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA