Aspaldiko partez, Prime Video plataformak nazioarteko film bat euskaraz bikoiztu du: Dracula. Ez da, egia esan, sekulako pelikula, baina baditu zenbait elementu interesgarri zutabe honetan aipamena merezi dutenak.
Izenburuan Dracula irakurri bezain pronto, askok pentsatuko dute mito zaharraren beste bertsio bat besterik ez dela. Eta neurri batean hala da; hala ere, filmak ikuspegi berezi samar bat proposatzen du. Ez dugu hemen munstro beldurgarri soil bat aurkituko, gauaren ilunpean ehizan dabilen izaki hotz eta krudel bat. Aitzitik, maitasunaren eta obsesioaren artean harrapatuta bizi den izaki tragiko bat ageri zaigu: mendeetan barrena maitearekin berriz elkartzeko zain dagoen maitale kondenatua. Desio horrek elikatzen du, hain zuzen, istorio osoaren bihotza.
Luc Bessonek Dracularen mitoaren alderdi erromantikoa arakatzea du xede, eta hori lehen unetik antzematen da. Ohiko beldur klasikoaren tonua —itzal, odol eta izuaren estetika zaharra— albo batera utzi, eta beste bide bat urratzen du: sentimenduen lurralde ilun baina samurragoa.
Dracularen bertsio emozionalago eta poetikoago baten bila dabilen ikuslearentzat, filmak badu zer eskaini. Bisualki zaindua da, eta argiztapenaren nahiz kolorearen erabileraren bidez, Bessonek giro hipnotiko bat ehuntzen du: beldurraren eta desioaren arteko muga lauso horretan dantzan dabilen unibertso estetiko bat.
Baina estetika zaindu eta interesgarri horretaz harago, filmak ez du ekarpen berezirik egiten. Erromantzean hainbeste tematzearen ondorioz, pertsonaiaren itzal klasikoaren tentsioa eta misterioaren zati bat bidean galdu egiten dira. Ondorioz, emaitza polita eta dotorea bada ere, balantza drama erromantikoaren aldera makurtzen da, beldur klasikoaren kaltetan.
Bessonek munstroa gizatiartu nahi du, Dracula betiereko maitasunaren martiri bihurtu, baina keinu horrek badu bere ordaina: mitoa etxekotu egiten du, ia domestikatu.
Azken batean, banpiroa biktima gisa aurkezten duen maitasun istorio komertzial samarra da: itxuraz sakona, baina arriskurik hartzen ez duen irakurketa erromantiko bat eskaintzen du.
Gomendio bat, amaitzeko: Dracularen bertsio tragiko eta erromantiko bat ikusteko gogoa baduzue, ikus ezazue Francis Ford Coppolaren 1992ko Bram Stoker's Dracula.