Sara Azurza
Ekografiak

Drama-drama-drama

2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da azkenean pantailetara Kristoffer Borglik zuzendutako The Drama, genero erromantikoaren ohiko kodeak irauli eta hankaz gora jartzen dituen komedia beltz basatia. Zendaya eta Robert Pattinson protagonista dituen filmak egiaren, konfiantzaren eta barkamenaren arteko muga hauskorra aztertzen du, umore zorrotz eta probokatzailea oinarritzat hartuz.

Ezkondu baino egun gutxi batzuk lehenago, Emmak (Zendaya) bere iraganeko sekretu bat aitortzen dio Charlieri (Robert Pattinson), ardoa lagun eta ezkontzako menua aukeratzen ari diren bitartean. Hasieran txantxa hutsa dirudien aitortzak, ordea, erabat astinduko du senargaiaren mundua.

Une horretatik aurrera, filmak umore absurdo eta probokatzailearen bidetik jotzen du, benetan maite ditugun pertsonak zenbateraino ezagutzen ditugun zalantzan jartzeko. Aldi berean, gizartearen hipokrisia eta erakuskeriazko haserrea zorrotz satirizatzen ditu, eta ikuslea etengabe deseroso eta erne sentiarazi.

Aitortza horren muinean, Ameriketako Estatu Batuetako armen kulturaren inguruko kritika sozial zorrotza dago. Filmak gazteen osasun mentala eta arma horien normalizazioa uztartzen ditu, bien arteko loturak eta ondorioak agerian utziz. Hori guztia abiapuntu hartuta, gidoiak planteamendu berezi eta originala du, eta nekez imajinatzeko moduko egoera batera darama ikus-entzulea.

Robert Pattinson aktoreak filmaren parte handi baten pisua bere gain hartzen badu ere, benetan nabarmentzekoa da bi protagonisten lana. Pattinsonek intentsitate handiz antzezten ditu muturreko egoerak eta emozioak, batzuetan gehiegikeriaz jokatzeraino. Zendayak, berriz, kontakizunari oreka eta sinesgarritasuna ematen dizkio; ederki irudikatzen ditu kezka, lotsa, errua eta batez ere apatia. Harrigarriena da, hain zuzen ere, apatia horren atzean dagoen gizatasuna erakusteko duen gaitasuna, ikusleak harekin enpatizatzea lortzeraino.

Aurrera egin ahala, filmak indarra hartzen du; horregatik, onena da ahalik eta gutxien jakinda ikustea filma, proposatzen duen joko narratiboan murgildu eta haren dramatismoaren geruza guztiak pixkanaka deskubrituz joateko. Oro har, proposamen ausart eta berezia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE