Komunikazio munduan dauden aldaketak nabariak dira fakultateko ikasgeletatik hasita. Duela urte batzuk, ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari ziren ikasleei galdetuta, batzuek filmak egin, beste batzuek gidoiak idatzi, irratian edo telebistan beren talde edo traineruen norgehiagokak emozioz azaldu edo kamera atzean dagoen ekoizpen-prozesua garatu eta finantzaketa lortzea zuten helburu. Askok baita lortu ere. Azken urteotan, berriz, horiei gehitu zaizkie eduki sortzaileak, edozein formatu edo bitarteko komunikatibora molda daitezkeen kreatzaileak.
Azken horietakoak dira Andrea Gonzalez eta Andoni Etxezarreta Bergarako gazteak, Goienako podcast gelako Zartadia-ren egileak. Ostegunero ematen dute, eta, zutabe hau idazten ari naizela, hiru atal eskaini dituzte. Hirugarrenean etorri da haien lehengo gonbidatua, beste bergarar bat, musikari eta irakaslea dena, Alex Arteaga. Nire ustez, hirugarren pertsonaren parte-hartze horrekin irabazi du saioak. Dena den, argitu behar dut podcasta entzun aurretik ez nituela esatariak ezagutzen eta ez nekien norainoko interesa izan zezakeen biren arteko txutxu-mutxuen trukaketak. Nire erreferentziak eta publiko gaztearenak ez dira berdinak, agerian denez. Instagramen aski ezagunak dira Andonik eskaintzen dituen errezeta gastronomikoak, @ibilimunduan kontuan, eta Andreak @holazuek marka propioa du, eta biak arituak dira sormenaren beste arlo batzuetan ere. Jarraitzaileak, entzule potentzialak, badituzte biek.
Ikasleek argi uzten didatenez, solasaldi horiek gustuko dituzte, baina zeharo harritzen nau hitza ez den beste soinu-errekurtsorik ia ez dela erabiltzen ikusteak; sarrera-kareta eta tarteak bereizten dituzten boladetan baino ez. Ezta kontzertuaz ari direnean ere ez dute musikarik jartzen. Eta hori da mota honetako podcastetan errepikatzen den ezaugarria. Umorea eta une batzuetan gidoitik aldentzen den freskotasuna dira saioaren indarguneak, eta azpimarratu nahi dut tokiko euskalkiaren erabilera, gazte hizkerako esamoldeak txertatuta, noski. Balioan jarri nahi dut mintzairen aniztasuna; edukietan ez ezik, horretan ere oso aberatsa da euskal irrati eta podcast unibertsoa.
Amaitzeko, esan nahi dut ―agian izango da azken atala eguzkipean ibiltzen ari nintzela entzun nuela― saioaren optimismoa kutsakorra dela, eta hori ere eskertzekoa da garai ilunetan.