urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Egutegi (alternatibo) bat Pantailaldirako

2025eko maiatzaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteartean hasi eta hilaren 14ra bitartean, Pantailaldian murgiltzeko deia egingo du Pantailak Euskaraz mugimenduak. Hainbat baliabide bidali dizkiete izena eman dutenei. Eta egutegi bat proposatu dute, egun bakoitzean zer egin iradokitzeko. Pantailen artetik tarte honetan, berriz, beste egutegi (alternatibo) bat proposatzeko ausardia. Edo lotsa falta. Tira ba, hor doa BERRIAko tarte honetakoa:

Hasteko, maiatzaren 6an, zer hoberik zinemara joatea baino. Eta zer hoberik euskarazko film bat pantaila handian ikusiz gozatzea baino? Duela bi aste estreinatu zuten Asier Urbieta zinemagilearen Faisaien irla filma Euskal Herriko aretoetan, eta hobe bizkor ikustea. Kendu baino lehen. Ez dadin bihurtu «pasatu zait...» mantra, gupidarik gabekoa.

Bigarren egunerako: bideopodcast bat. Gaizka Izagirre BERRIAko telebista kritikariak —hori ere bai?— Guau plataforman egiten duen Klaketa. Ainhoa Eskisabel, Miren Gaztañaga, Paul Urkijo, Josean Bengoetxea, Ane Gabarain, Izaskun Arandia eta Imanol Zinkunegi izan dira orain arteko protagonistak. Euskal zinema hizpide. Etorriko dira gehiago ere.

Hirugarren eguna osteguna baldin bada, ETB1 kateko Linbo saioa ikusi beharko da gau partean. Hiru Damatxok ekoitzitako umorezko ikuskizuna zerbait berritzat jo daiteke ETB1en, batez ere egungo gazteen kodeak erabiltzen dituztelako. Ikusi ez baduzue, emaiozue aukera.

Ostiral gauerako, musika apur bat: Gorka Urbizuk EHZ jaialdiko eszenatokian eman zuen kontzertua. Kanalduden ikus daiteke. Arimaren sentipenak pizten edo berpizten dituen 40 minutuko kontzertua da, ez izan dudarik. Ostiral osoan buklean ere jartzeko modukoa.

Astebururako, larunbat eta igandean, bi egunez jarraian gozatzeko film labur historikoen sorta bat: Ikuska. Primeran plataforman daude ikusgai denak, eta 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980ko hamarkadaren hasieran Euskal Herria nolakoa zen jakiteko lan ahaztezina da. Antton Ezeizak koordinatu zuen sorta aitzindari hura.

Iritsi da egutegi proposamena maiatzaren 12raino. Eta Pantailaldia garai egokia izan daiteke trilogia surrealista bezain jostagarri bat berriro ikusteko: Ataun of the Dead, Joxean's Hil Eben eta Napardeath filmek osatzen duten triptiko herrikoiaz gozatzeko. Katihotsak Logiak egin zuena ez da sekula ahanzturan geldituko. Youtuben daude ikusgai hirurak.

Azkeneko bi egunetarako

Badoa aurrera Pantailaldia. Eta antzerkiaz etxean gozatzeko aukera ematen dute azkenaldian hainbat hedabidek; Argia-k, kasurako. Ximun Fuchsek zuzendu eta Axut! eta Artedrama taldeek sortutako Hondamendia antzezlana Argia-ren webgunean eta Hamaika Telebistaren nahieran zerbitzuan ikus daiteke. Edonola ere, antzerkia zuzenean ikustea beti da mila bider hobea. Hortaz, izan dadila Hondamendia-ren pantailako ikustaldia antzerkira gehiagotan joateko pizgarri.

Eta, tira, konturatzerako, amaiera. Maiatzaren 14a, Pantailaldiaren azkeneko eguna. Zer ikusi euskaraz? Bada, bi dokumental oso interesgarri: Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Josu Martinezen Lezo Urreiztieta: Jainkoak ez dit barkatzen. 2018. urtekoak biak ala biak, eta Primeran plataforman daude ikusgai. Aurrenekoan, Oleaga Elbira Zipitriaren munduan murgiltzen da, Donostiako Parte Zaharreko haren etxean. Eta bigarrenean, Martinezek zinta zahar batzuk baliatzen ditu istorio harrigarri bat osatzeko: Lezo Urreiztietari Martin Ugaldek 1975ean egin zizkion elkarrizketen kasete zintak, alegia.

Euskaraldia iritsiko da...

Amaituko da Pantailaldia, eta Euskaraldia hasiko. Ez da, ba, kontua Euskaraldian euskarazko edukien egutegirik gabe gelditzea. Maiatzaren 9an, hainbat zinema aretotan estreinatuko dute Pello Gutierrez zinemagilearen Erreplika dokumentala. Euskaraldiaren aurretik edo Euskaraldiaren egunetan ikusi beharreko filma. Dokumental horretan zuzendariak Juanmi Gutierrez aipatzen du, bere aita. 2019an hil zen Juanmi Gutierrez, baina haren dokumentalak bizirik daude: guztiak ikus daitezke sarean.

Bada esaten duenik ez dagoela euskaraz ezer ikusteko. Baina ZerNonIkusi webgunean edo aplikazioan sartzea besterik ez dago hori gezurtatzeko; euskararen egoera pantailetan larria dela ohartarazi behar dela ahaztu gabe, noski. Egin dezala bakoitzak bere egutegia Pantailaldirako eta Euskaraldirako. Aurkitu beharko da modua lan horien inguruan solastatzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.