Azaroaren 12an, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian antzekotasun bitxiak dituzten bi dokumental bikain proiektatu zituzten: Pello Gutierrezen Erreplika eta Beñat Iturriozen Enarak. Bi lan horietan, zuzendariak jartzen dio narrazioari off-eko ahotsa. Bietan, aitarekin lotutako parte ezezagunak bilatzen ari dira egileak. Eta bietan bada birsortze berezi bat.

Erreplika-k Zikuñagako Ama Birjina beltzaren misterioa dakar. 1979. urtean desagertu egin zen, Hernaniko (Gipuzkoa) auzoan. Gutierrezek zera dio: «Deigarria egiten zait gaur egun erreplika bat egin nahi denean 1948tik aurrera jarri zen ama birjina beltzaren erreplika bat egin nahi dutela hernaniarrek, eta ez jatorriz zenarena, zuriarena». Kontuan hartu behar da dokumentalak beste abiapuntu batzuk dituela une horretara iritsi aurretik: batetik, Juanmi Gutierrez zuzendariaren aitak —2019ko otsailean hil zen— semearengan utzi zuen hutsunea; bestetik, aitaren Zikuñagako ama filmean dagoen hutsunea zinta berean; eta gauzak nola diren, zinemagilearen aitona, amaren partetik, Zikuñagako paper fabrikako zuzendaria izan zen, eta auzoko ermita eta ama birjina fabrikaren lurren barnean zeuden. Hori guztia kontatzeko Gutierrezek egiten duen hautu formala erakargarria da, proposamen iradokitzailea ondu baitu —hausnarketak eta galderak ere mamitsuak dira—. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten filma, eta Irizar sariko epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen.

Bestalde, Hernaniko herritar askoren ahotan ibili da azkeneko hamarkadetan ama birjinaren desagerpen hura. Eta Erreplika aretoetara iritsi arte, bada gai horretara gerturatzeko aukera ematen duen lan xume bat. Mikel Aristregik egina da, eta Youtuben ikus daiteke:
Juanjo Uria Hernaniko alkate ohiak esaten du baten batek esan ziola bazekiela nork zuen lapurtutako ama birjina. Azalduko ote da noizbait? Agertzen baldin bada, ikus-entzunezko lan berri bat egiteko garaia izan daiteke. Baina, hala ere, galdera asko geldituko dira erantzun gabe. Esaterako, zer gertatu zen 1948. urtean zaharberritzera eraman zuten ama birjinarekin?
Enarak-en LP «berria»
Beñat Iturriozen dokumentalari dagokionez, bizirik du Juanjo Iturrioz aita, eta harekin partekatu ahal izan du Enarak dokumentalaren estreinaldia. Hain zuzen ere, Juanjo Iturrioz gazte zelarik beste seminarista batzuekin elkartu zen gustuko zituzten atzerriko kantak euskarara ekartzeko. Rocka, popa eta psikodelia euskaraz kantatzen aritu zen Enarak taldea frankismo betean, 1960ko hamarkadan. Taldeko kideen joan-etorrian, ikusle bat baino gehiago harritu zen Eduardo Moreno Bergaretxen Pertur ere hilabete batzuetan talde horretan jotzen aritu zela jakitean.
Eta bi birsortze badira dokumentalaren bueltan: batetik, 1971ko Larraizko kontzertu jendetsua —«akelarretzat» jo zutena— gogoratu, eta hiru musika talde Enarak-en kantak jotzen jarri dituztelako. Eta, bestetik, LP formatuan atera duena Elkarrek: bertan entzun daitezke taldearen 1969ko hiru kanta, eta dokumentalaren grabaketarako hiru taldek jo dituzten bertsioak. Andoni Tolosa Morau-k zera idatzi berri du: «Enarak taldearen 1969ko lan bakarraren berrargitalpen honetan biltzen diren hiru kantu originalek euren burua primeran defendatzen dute, literaturaren edo ikerketa-kazetaritzaren alegaturik gabe». Audio plataformetan zein Youtuben entzun daiteke diskoa.

Iturriozek, bestalde, berezkoa duen umorera jotzen du hainbatetan, modu horretan dokumental oso entretenigarria osatuz. Ez da, hortaz, elkarrizketen segida huts bat. Gehiago da collage alai bat; aitaren iraganaren birsortze interesgarria, bide batez.
Ezin lerro hauek amaitu Zinebin estreinatu duten beste dokumental eder bat aipatu gabe: Itoiz. Udako sesioak. Zoragarria da Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak egin duten lana. Adin batetik gorako musikazale askoren memoriaren parte da Itoiz, Lau teilatu fenomenoa albo batera utzita, eta Juan Carlos Perezen bandara gerturatze zinez hunkigarria da filma. Hor ere bada birsortze(ren) bat, baina hobe da hemen dena ez jakinaraztea...